Athleticeko jokalariek eta zaleok lasaitu ederra hartu dogu Osasunaren aurka irabazi eta gero. Marcelo Bielsak partiduaren ostean aitortu eban lez, garaipena ezinbestekoa zan eta taldeak ez dau huts egin. Anoetako porrotaren ostean, partidua galdu izanaren ganetik zelan galdu zan azpimarratu genduan. Oraingo honetan, Osasunaren aurka lortutako hiru puntuen ganetik, taldeak erakutsitako joko ona goraitatu behar dogu, etorkizunari begira itxaropentsu egoteko errazoiak emoten deuskuz-eta.

Athletic hondoa jota egoan Reala eta Pragako Spartaren aurkako partidu negargarrien ostean. Inork ez eban ulertzen zer gertatzen jakon aurreko denporaldian joko bikaina erakutsi eban taldeari. Alarma guztiak biztuta egozan. Krisia be, ate joka. Eta Jose Luis Mendilibarren Osasuna labana ahoan hartuta Katedrala indarrez hartu gurean. Laino baltz asko egozan San Mames ganean domekako partiduaren atarian. Ekaitzea hasi beharrean, baina, zerua argituz joan zan zuri-gorrien joko onaren eraginez.

Pragan galdu arren, taldeak hobekuntza txiki bat erakutsi eban bigarren zatian. Itxaropenari eusteko bestekoa. Ander Herreraren sarrerea igarri egin zan Generalli Arenan eta Marcelo Bielsak hasierako hamaikakoan ipini eban Osasunaren aurkako partiduan. Edozein makinak ondo funzionatzeko ezinbestekoa da pieza guztiak ondo eta bere lekuan egotea. Athletici osagarri garrantzitsua falta jakon: Ander Herrera. Erdilariak nabarmen aberastuten dau taldearen jokoa eta hobetu egiten dau taldekideen errendimendua. Iker Muniainek, De Marcosek, Susaetak eta Ander Iturraspek, batez be, eskertu egin dabe Herreraren errekuperazinoa. Hori bai, Zaragozarik fitxautako jokalariak kontu handia euki behar dau baloia galtzeko orduan. Osasunaren aurkako partiduaren hasieran opari ederra egin eutsan aurkariari eta eskerrak Joseba Llorente ez zala fin ibili.

Athleticek lehenengo urratsa emon dau. Ur azalerako bideari ekin deutso hondoa jo eta gero. Futbolean jokatzen ez jakela ahaztu erakutsi dabe Bielsaren gizonek. Apurka apurka joan behar da eta hurrengo pausoa joko onari eutsi eta gol aukerak gauzatzea litzateke. Ezin dira hainbeste aukera huts egin aurkariaren ate aurrean. Osasunak atezainaren lan bikainari ezer kendu barik, De Marcosek, Susaetak eta Llorentek gol aukera garbiak huts egin ebezan. Jakina, aukerak gauzatu ezean aurkariari arnasa hartzen izten jako eta urduritasuna nagusitzen da azken minutuetan.

Liga hasieran sailkapenari begiratzea gustuko dabenentzako -Athletic jausteko postuetan dagoala esateko- zuri-gorriak hamaseigarren postuan kokatu dira eta hiru puntura daukie sailkapeneko bosgarrena, Real Madril. Liga txapelketea hasi baino ez da egin eta bide luzea dago egiteko. Ander Herrera eta Jon Aurtenetxe errekuperauta seguru nago apurka apurka taldea bere onera itzuliko dala. Osasunaren aurkako garaipenak parranda osteko ibuprofenoaren efektua euki dau.

Aurtengo Athleticen ibilbideak Grand National zaldi lasterketa ospetsuaren antza hartu dau. Aintreeko zalditokian lez, zuri-gorriei oztopo ugari ipini deutsez bidean. Azkena, Marcelo Bielsak bere jokalariei Kopako finala galdu ostean esandakoaren grabazinoaren filtrazinoa. Ez dakit nori bururatu jakon entrenatzailearen berbaldia grabatea eta nori hedabide bateri emotea honek zabaldu daian. Gertatutakoa oso larria da. Bielsak dino holako gertakariak ohikoak dirala futbol munduan. Athleticen ez dira ohikoak izan. Orain arte ez behintzat. Zoritxarrez, aspaldion, gauza asko aldatu ei dira. Lotsagarria izan zan zale talde batek Lezaman egin ebana Llorente eta Javi Martinezen aurka eta lotsagarria izan da grabazinoaren filtrazinoa. Hori bai, Europa Leagueko finala eta Kopakoa galdu eta gero nork sinistuko dau Bielsaren berbaldia minutu eta hogei segundokoa izan zala eta hain berba gozoakaz? Grabazino gehiago dagoz eta filtrazinoa zatika joango eta da?