Athleticen gauza arraro gehiegi gertatzen dabil denporaldi honetan. Javi Martinezek Alemaniarako bidea hartu eta Fernando Llorente taldean geratuta, emoten eban normaltasuna nagusituko zala talde zuri-gorrian. Taldearen jokoak baina, ez dau hobera egin eta hori gitxi balitz Bielsak eztanda egin eban atzo Lezaman Fernando Llorenteren jarrerea ikusita. Anoetan kolpe gogorra jaso eta hurrengo egunetan garrantzi handiko partidu bi jokatzeko atarian, Llorente auziak indarra hartu dau barriro taldearen kalterako. Taldean batasuna egotea ezinbestekoa danean -egoerea larritu ez daiten- Rincon de Sotoko aurrelariak bere onetik atara dau entrenatzailea. Kontuak kontu, gero eta argiago dago Llorente auziak ez daukala konponbiderik. Athleticen ez behintzat. Garbi dago jokalaria ez dagoala gustura Bilbon eta alde egin gura dauela. Edozelan be, aurrelari errioxarrak ez dau ahaztu behar Athleticeko behargina dala ekainaren 30era arte eta bere lana profesionaltasunez bete behar dauela edozein gizaseme lez. Horregaz batera, gero eta argiago dago Llorente zama bat dala gaur egun Athleticentzat eta taldea ez dago zama erantsirik eroateko moduan.

Josu Urrutia presidenteak argi eta garbi esan dau aurrelaria fitxau gura dauenak kontratuan agertzen dan etete klausulea ordaindu beharko dauela. Ulergarria eta errespetagarria direktibearen jarrerea. Gauzak dagozan moduan, ostera, Llorente ganetik kentzea -dirutza on bat eskuratuta ganera- lagungarri izango litzateke Athleticentzat. Auzi honek konponbidea behar dau klubaren onerako.

Ez da erraza jakiten zer gertatzen jakon Athleticeri denporaldi honetan. Aurreko urtean maila itzela emon ostean Marcelo Bielsaren taldea ezinean dabil ikasturte barrian. Azken partiduetan hobekuntza txiki bat erakutsi ostean, lehoiek atzerapauso galanta emon dabe Anoetan. Realaren zelaian galtzea, mingarria izan arren, balizko aukeren artean sartu behar da. Baina galtzeko moduak eta moduak dagoz. Realak partidua irabazi baino, Athleticek galdu eban, bigarren zatian iparra galduta jokatuta. Gipuzkoarrek ederto aprobetxau eben zuri-gorrien ezina beste munduko ezer egin barik. Behar bez. Marcelo Bielsaren gizonak galduta ibili ziran baloiaren atzetik korrika. Bigun defenditzeko orduan eta ezinean erasoteko orduan, Eñaut Zubikarairen nasaitasunerako.

Athletic zaleak kezkatzen hasita dagoz edo gagoz. Galdera asko egiten doguz eta ez dogu erantzunik aurkitzen. Non dago aurreko denporaldian liluratu gintuan taldea? Zelan aldatu daiteke hainbeste -txarrerako- talde bat? Batek baino gehiagok dino Athleticek Bukaresten hasi ebala aldats beherea eta hondino ez dala norabidea aldatzeko gauza izan. Edozelan be ez dogu ahaztu behar aurten Javi Martinez joan egin dala, Llorentek alde egin gura dauela, Herrera eta Aurtenetxe lesionaurik dagozala eta Amorebieta errekuperatzeko bidean.

Marcelo Bielsak autokritika egin eban Anoetako partidua amaitu ostean. Athleticeko entrenatzaileak uste dau bera dala Realaren aurka galdu izanaren errudun nagusia. Ez dot uste hainbesterako danik baina garbi dago ontziko patroiak zer edo zer egin behar dauela barruan dituen arazoak konpontzeko. Athletic ezinean dabil eta zer edo zer ikutu egin behar da egitura nagusiari eutsita. Traineru munduan, Kontxako bandera irabazi izanak ez dau esan gura orduan erabilitako neurriak urte guztirako baliagarri diranik.

Beste alde batetik, Bielsak aspaldiko partiduetan egin dituen aldaketek ez deutse onurarik ekarri taldearen jokoari. Beraz, zilegi da beste aukera batzuk aztertzea. Kontuak kontu, guztion artean Athletic onena berreskuratu behar dogu. Talde honen errendimendua ez da inkognita bat. Igaz ikusi genduan noraino heldu daitekean Bielsaren taldea. Beraz, itxaron daigun Anoetakoa istripua baino ez izatea eta bide onera itzultzea Sparta eta Osasunaren aurkako partiduetan.