IRAILAREKIN batera barealdia heldu da Athleticera. Garagarrileko eta abuztuko galarrenak atzean geratu dira eta Valladoliden aurka lortutako garaipena antsiolitiko eraginkorra izan da. Jakina, Djukicen taldeari irabazi aurretik Athleticen egoerea ez zan hain larria eta denporaldiko hiru puntuak lortu ostean taldearen arazo guztiak ez dira konpondu. Bide luzea geratzen da egiteko eta ez gara urduritu behar hirugarren jardunaldirako. Are gitxiago txistuka hasi San Mamesen atezainak txarto urrundu dauelako baloia ala jokalari batek huts egin dauelako.

Aspaldiko partez, albiste sorta ona jaso dogu Athleticen. Marcelo Bielsaren taldeak denporaldiko lehen puntuak eskuratu ditu San Mamesen. Garbi dago, Valladoliden aurkako partidua ez dala historiara igaroko. Zuri-gorrien jokoa ez zan ona izan, baina edozelan be aurkariak baino meritu askoz gehiago egin zituan garaipena eskuratzeko. Ganera, garrantzitsua da ondo jokatu ez arren hiru puntuak lortzeko gaitasuna erakustea. Horregaz batera, taldeak ez eban golik jaso Betisen eta Atletico Madrilen aurka ezinean ibili ostean.

Beste alde batetik, Marcelo Bielsak iragarritakoaren arabera, Fernando Amorebieta eta Jon Aurtenetxe laster egongo dira prest joka-tzeko. Albiste bikaina da, jokalari garrantzitsuak dira-eta. Albiste onakaz jarraituz, Amorebieta eta Susaetaren kontratuak barriztuteko negoziazinoak bide onetik doaz eta jokalari biek Athleticen jarraituko dabe. Barri bikaina benetan. Athletic itxi gura izatea ez da epidemia bilakatu.

Valladoliden aurkako partidutik gizon bi azpimarratu gurako neukez: Carlos Gurpegi eta Aritz Aduriz. Atzelariak partidu serioa jokatu eban. Aurrelariak garaipenerako bidea zabaldu eban, norgehiagoka ilunduten hasita egoanean. Baina jokoaren ganetik, jokalari bi honeen jarrerea eta konpromezua nabarmendu behar dira. Athleticen baloreak eta filosofia kolokan jarri gura dabezanen aurrean, Gurpegi eta Aduriz eredugarriak dira zelaian eta handik kanpo be. Valladoliden aurkako partidua amaitu ostean, aurrelari donostiarra kritiko agertu zan bere jokoagaz. Gol garrantzitsua sartu arren, Aduriz ez zan pozik azaldu zelaian egindako lanagaz eta ez eban autokritika egiteko aukera galdu. Ez gagoz ohituta. Valladoliden aurkako partidua ahaztu aurretik, kezkatu egiten nau Bielsak denporaldi honetan hartu dauen ohitura batek: Iturraspe kentzea erdialdeko euskarri postutik. Argentinarra Athleticera heldu zanean Iñigo Perezek ez eukan lekurik plantilan. Orain, ostera, konfiantza itzela dauka nafarrarengan. Nire uste apalean, ostera, taldearen jokoak galdu egiten dau Abadiñokoa zelaian ez badago. Ganera, Iturraspe zelaitik atarata ez zan bizkaitarrik geratu Athleticen hamaikakoan. Anekdota bat baino ez bada be, min emoten dau bizkaitarrik ez ikustea geure taldean. Zer pentsa be emoten dau.

Fitxaketak egiteko epea amaituta, Fernando Llorentek Athleticen jarraituko dau kontratua daukalako ekainaren 30erarte. Bielsak ez eban sartu azken deialdian gainkarga bat eukalako. Itxaron daigun prest egotea Espanyolen aurkako partidurako. Perikitoen aurkako partidurako deialdian sartzen ez bada kezkatzen eta hasarratzen hasteko modukoa izango da.

Eta hasarratzeko modukoa da Ander Herreragaz gertatzen dana. Erdilariak ezin izan eban jokatu Valladoliden aurka pubiseko arazoak dirala-eta. Lesino hori aurreko denporaldian be baeukan, baina udan atsedena hartu beharrean Londreseko Joku Olinpikoetara joan gura izan eban Espainiako selekzinoagaz. Eta orain ezinean Athleticegaz jokatzeko. Hasarratzeko mo- dukoa. Eta kezkatzeko modukoa baita, Iker Muniainen sasoi fisikoa.