Síguenos en redes sociales:

Urrezko lana

EUSKALDUNOK bagara gure altxor guztien babesle eta jagoleak. Amultsuki batzuetan, eta fermuki bestetan, aurrera ateratzen ditugu errespetua behar duten gure ondare kultural oro. Hizkuntza da bitxi preziatu horietako bat, eta batzuek senperrenak egiten dituzte euskara ikertzeko, zabaltzeko eta duintasunez, gure gizarte modernoaren baitan dagokion tokian kokatzeko. Lan hori urteetan egin du, 1993ko martxoan bere ibilbidea hasi zuen Mendebalde Kultura Elkarteak. Lan isila eta probetxuzkoa garatzen da bertan, gure jakituriaren esparrua sendoago bilakatzeko asmoz. Elkarte honek duen helburua, oinarrian, mendebaldeko hizkera aztertu eta prestigiatuz, euskara bera indartzea da, eta ez da gutxi! Baina ere berean, foroa eta euskaldunon topalekua zabaldu da bere besoetan.

Elkarteko emaitzak askotarikoak izan dira urteetan, eta hala 16 jardunaldi burutu dituzte hainbat gai jorratzeko, herri askotako kultura eta euskara jaso dira, Zarate eta Zamarriparen liburuak argitaratu dira, ikerketa entziklopedikoak abiatu dira, eta abar.

Egunero egiten den lan xume horren ordainetan etorri da aurtengo Bilboko Liburu Azokak Mendebalde Kultura Elkarteari eman nahi izan dion sari nagusia, Urrezko Luma. Kaxildo Alkorta Elkarteko zuzendariak hartu zuen saria joan den astelehenean, pozarren.

Euskara, gure hizkuntza handi eta txiki hau, aditu askoren kezka izan eta izango da beti. Baina kezka-bide hori errazteko lan mardulak ez ezik, foroak, jardunaldiak eta ikerketa espezifikoak ere antola-tzen dira. Hala, ostegunean, Bilboko Euskalduna Jauregian, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Alkarbidek antolatuta, Teknologia berrien erronkak eta aukerak hizkuntza-plangintzan izeneko jardunaldia burutu zen. Biziki interesantea izango zelakoan bertaratu nintzen eta denetarik entzun ahal izan zen. V. Inkesta Soziolinguistikoa izan zen hizpide eta datu batzuk poztekoak zirela nabarmendu zen, alegia, orain dela hogei urte baino 181.000 elebidun gehiago dago. Gure euskara hedatzen ari da, nork bere erronka partikularrari eutsita. Eta ederrena: gogoa ez da falta.