Partidu historikoen artean historikoena jokatuko dau Athleticek bihar Bukaresten. Ehun eta hamalau urteko ibilbide oparoan, zuri-gorriek ez dabe inoiz Europa mailako txapelketarik irabazi. Bihar daukie aukerea. Neuretzat be, kazetaritzan urtetxu batzuk eroan arren, kontu barria da Europa Leagueko final baten ganean idaztea. Athleticek Juventusen aurka UEFAko finala jokatu ebanean orduko EGB ikasten nengoan.

Ibilbide luzea eta bikaina egin dau Athleticek biharko finalera heltzeko. Bratislavako Slovan, Salzburgo, Paris Saint-Germain, Moskuko Lokomotiv, Manchester United, Schalke 04 eta Portugalgo Sporting kanporatu dauz Marcelo Bielsaren taldeak. Itzela benetan. Bihar gertatzen dana gertatzen dala be, Athletic lan izugarria egin dau Europako Ligan. Finalerako txartela lortu izana bikaina bada, zelan lortu dan be goraipatzekoa da. Athleticek erasora jokatu dau partidu guztietan, ikuskizunaren aldeko apustua eginez. Bielsaren taldeak aho zabalik itxi eban Europa osoa Old Trafforden eginiko erakustaldiagaz.

Ez dakit nork esan eban, baina azken egunotan sarri entzun dot, finalak ez dirala jokatzeko, irabazteko baino. Egi handia da. Are gehiago final batetik bestera hainbeste denpora igaroten danean. Orain arte egindakoa itzela izan arren, Athletic zaleok gehiago gura dogu. Ganera, konfiantza handia dogu geure mutiletan eta Atletico Madrilen aurkako finala irabazteko gauza dirala uste dogu. Ez da forofismo kontua. Errealidadea baino. Athleticek sarritan erakutsi dau denporaldi honetan edozein aurkariri irabazteko gauza dala.

Athleticeko jokalariak ez dira bakarrik egongo biharko finalean. Egia esateko, inoiz ez dira bakarrik egoten. Bederatzi mila zaletik gora egongo da Bukaresteko National Arenan, baina beste milaka zale egongo da animaten Balmasedatik, Zeanuritik, Ondarroatik, Busturiatik, Ugaotik eta itsasotik. Bai. Bizkaiko arrantzaleek ezin dabe eten bokartaren arrantzaldia biharko finala ikusteko baina itsasotik bertatik, sarea eskuetan daukiela, Athletic animaten egongo dira. Bizkaiko herrietako kale guztiak hutsik geratuko dira. Gauza bera gertatuko da Euskal Herriko herri askotan. Athleticek batzen gaitu. Gorka, Andoni, Fernan, Jon, Ander, Markel, Iker eta enparauek, geure mutilek, Europako tontorra zapaldu leikie. Jose Angel Iribar, Koldo Agirre, Goiko, Amorrortu, Irureta, Txurruka, Lasa eta azken finala jokatu eben protagonista guztien laguntzea eukiko dabe ahalegin horretan.

Finala irabaztea ez da kontu erraza izango, aurkaria, Atletico Madril, talde gogorra eta irabazteko gatxa dalako. Cholo Simeonek indar handia emon deutso taldeari. Edozelan be, Athletic faborito lez ikusten dot. Marcelo Bielsaren gizonek dakien moduan jokatu ezkero txapela Bilbora etorriko da.

Athleticeko hamazortzi jokalari bakarrik abiatu ziran atzo Errumaniarantz. Koikili, Gurpegi, David Lopez, Castillo, Ocio, Zubiaurre, Ruiz de Galarreta, Jonas Ramalho, Igor Martinez eta Kepa Arrizabalaga, hirugarren atezaina, lehen plantilako ganerako kideak, Bilbon geratu dira eta bihar joango dira Bukarestera gaur arratsaldean Bilbao Athleticen aurka jokatu ondoren. Erabagi gatxa ulertzeko Bielsak hartutakoa. Simeonek plantilako jokalari guztiak eroan ditu. Athleticek zaindu egin beharko leukez horrelako gauzak. Koikiliren kasuan, ganera, entrenatzaileak ez deutso emon San Mamesko zaleriari agur esateko aukerea. Merezi eban Otxandiokoak.

Azkenik, hunkigarria Guardiolaren agurra Nou Campen. Futbolak eta gizarteak asko zor deutso. Enbidia itzela sentidu neban Bartzelonako entrenatzaileak mikrofonoa hartu eta katalunieraz zuzendu jakonean estadio osoari. Hemen bide luzea dogu egiteko. Aupa Pep!