2010. urteko Euskadi Literatura saria, saiakeraren alorrean, irabazi zuen Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? izenburuko liburu ederrak. Jakina denez, beste zereginik ez eta Justiziarekin inolako auzibiderik ez duen Sarri dela eta, Eusko Jaurlaritza endredatu zen, horrenbeste non zegokiona emango zioten ere ez zegoen garbi. Halaxe dira kontuak, gaur eta hemen, dugun desgobernuan!

Hedabide batzuentzat bazka; aldi baterako zarata ateratzeko aukera; kaltea egina, bidegabekeria galanta aurrealdean; lardaskeria begi bistan; baldarkeriak, itsu-itsuan aritzeak horixe baitakar... barregarri gelditzeko arriskua.

Oraingoan, beste kontu batek eman du hizpide. "Egiazkoa izango den Euskal Gobernua" eskatzen du Iñigo Urkulluk, EAJ-PNV alderdiko buruzagiak, eta Sarrionandiak duela hogeita hamazazpi urte idatzitako Ni ez naiz hemengoa liburua etorri zait oroitzapenera.

Liburua egunkari intimo baten gisa antolatuta dago, kartzelan ida-tzitako narrazio labur eta gai askotako pentsamenduekin. Hara! Nioen... PSE alderdikoak ere arrotz sentitzen dira Eusko Jaurlaritzan, ez hemengoak ez direlako, urrezko kaiolatxo horretan zer dela eta, zertarako eta zergatik dauden ez dakitelako baizik.

PP alderdiak goratu ditu dauden tokira, eta alderdi horretako buruzagiek gogorarazten diote lehendakariari, egun batean eta biharamunean, nori esker dagoen pulpituan... eta ezin jazarpena gainetik kendu, ezin soka laburra moztu, ezin izkina egin!

Bi komunitateen zapia atera behar dute Iñigok adierazitakoari erantzuteko premiarik ez izateko, arreta desbideratzeko... eta Sabino Arana, gaiztoen artean gaiztoena, sugegorriaren sortzaile nagusia izan zena. Aranaren garaiak eta sasoi hartan gure herriak bizi zuen testuingurua edota bestelako herrialdeetan jazotzen zena ahaztuz, haren esanak itxuraldatuz, bidenabar.

Zenbat alditan entzun behar izan dugu haien ezpainetatik euskal abertzaletasuna nekazari-giroko kontua dela -baieztapen hori ere zer ote?-, pentsamendu atzerakoia dela, arrazista dela eta gisakoak? Sozialistak, ostera, euskal herritarrei gobernuz aldatzeko edota haien etorkizuna erabakitzeko hitza eman nahi ez dieten berberak, batasun hautsiezinaren gordetzaile fidelak direnak... modernoak omen. Itxurak... itxurakeriak bazterretan, berba hutsalak, ez besterik!

Non egon da lehendakaria, aurreko legealdian Gernikako estatutua garatzeko egin ziren urrats guztietan? Autogobernuak eskura eman dizkion eskumenak nola baliatu ditu? Gure ekonomia suspertzen, gure herritarren ongizatea areagotzen ahalegindu ote da? Bai zera! Non egon da bakea lortzeko egin diren saioetan, bidaiatzen ez bada? Kezkak, lehentasunak eta itxaropenak beste nonbait dituen gobernua dugu egun Eusko Jaurlaritzan. Ez da hemengoa! Burua, pentsamenduak ez dituelako euskal herritarren ongizatean baizik bere iraupen politiko soilean.

Jendea aspaldi konturatu da horretaz. Gobernua eta haren bozgorailuen zarata, agitprop gorabehera, txanda noiz gertatuko zain dago. Denbora galdu baitugu aldi honetan. Denontzako gobernua izan behar zuena zer emateko gauza izan den ikusi ahal izan dugu, argi eta garbi. Ezin eman baitezake ematekorik ez duenak, ezin dezakeenak.