Raimon Panikkarri en-tzun nion behin zazpi bekatu nagusietatik- gogoratzen ditut bada ez bada ere, lizunkeria, lukurreria, jalekeria, alferkeria, haserrekeria, bekaizkeria, harrokeria- alferkeria gaizki itzulita dagoela eta berez acedia (tristuraren antzeko zerbait) izan beharko lukeela laugarren bekatu nagusia. Ez daukat nahikoa ezagutza hala den jakiteko ez eta Raimon Pannikarren lana epai-tzeko. OPUSen hasi eta mistiko hindu bukatu zuen, Jainkoaren alde bai baina erlijio desberdinen sektakeria salatuz, besteak beste.

Nolanahi ere ideia gustatu egin zi-tzaidan, nolabait Erromantizismotik hona gora daukagun sentimendu bati kontra egiten diolakoz eta berez alegrantzia paratzen duelako bizitza honetako jarraibide eta helburu.

Hau dena, nola ez, topiko bilaka-tzen ari zaigun gaia hizpidera ekartzeko aitzakia baino ez da: zorioneko krisia. Murrizketak dauzkagu, ongizate gizartea desegingo dute zirt-zart batean, langabezia handituko, kultura ahulduko, zerbitzu publiko oro pribatizatuko eta abar. Baina badago azpian krisia baino mezu maltzurrago bat: beldur zaitezte, hemen dator apokalipsia. Eta apokalipsiak laborategiko sagu hiperestimulatu bilakatzen gaituenez, zer jakin egin gabe gelditzen gara, acedian eroririk.

Beraz alegrantzia beharrezkoa da. Diru gutxiagorekin biziko gara, ez ditugu lehen egiten genituen oporrak egingo, ez ditugu lehengo gauzak erosiko, zailagoa izanen da hilabete bukaerara ailegatzea baina alegrantzian bizitzea gure esku dago, krisian izanagatik ez gaude munduaren akabantzan, esan dezatela maiek nahi dutena.

Baina alegrantzia, beste gauza asko bezala, ez dator berez, landu egin behar da. Egunero altxatu eta bizi egingo naiz erabaki, eta bizirik egoteaz poztu; krisiaren baitan barrea aurkitu, nahi bada esperpentora joz; agintzen digutenaren gainetik gure burua eta bizimodua eraiki. Alegia, alegrantzian aritzea beharrean aritzea da.

Ez dut inor engainatu nahi, honek ez da autolaguntza zutabe bat izan nahi. Alegrantzia lortzea acediari bereak egiten uztea baino askoz neketsuagoa da. Baina, hala ere, beharra.