ATZO abiatu zen urte berri honi itxaropenez begiratu beharko diogu borondate partikularrez, inguratzen gaituenari lar erreparatu gabe, eta hein berean, etorkizun petralak dakarkigunari aurre eginez.
Adituek diote, urte bihurria jaio dela. Ume maltzur, moldebako, eskasa, nekez arteztuko duguna jaio zaigula diote, hots, urte txarra datorkigula diote.
Baina esperantzaz begiratuko beharko diogu, atzean utzi dugunari ere begiratu ahal izateko, egindako lana eta ahalegina, botatako izerdiak eta emandako bulkadak ez baitira alferrekoak izan.
Joan den hilaren azkenetan, krisialdiak jotako kultura proiektu eder batzuk desagertu ziren. Aritzen naizen arlokoak direlako, Nabarra aldizkaria eta Krea plataforma aipatu gurako nituzke. Irati Jimenez Nabarra aldizkariko kideak komentatzen zuenez, aldizkariak egoera ekonomikoari ezin izan dio buelta eman eta bereziki arrazoi finantzieroak izan dira hamar urteko ibilbideari bukaera ekarri dioten arrazoiak. Eta beste datu garrantzitsu bat ematen zuen: "?euskalgintza kinka larrian dagoela badakigu, ito-tzen lehenetakoak garela, baina itotzear daudenak bat baino gehiago ere badirela. Euskaldunok ez dugu masa kritiko nahikorik, gure kontsumoarekin kultur sistema sendo eta aberatsik mantentzeko. Herri erakundeen laguntza praktiko, sendo eta erabakiorra beti beharko dugu. Gure sormen, irudimen, lan, gogo, talentu eta borondateari haiena ere behar-beharrezko zaie. Espero dugu 2012ak ez duela, zentzu horretan, beste ate batzuen itxierarik ekarriko".
Ni ez naiz oso baikorra.
Krea plataformaren webgunean sartuz gero, hauxe dator azalpen gisa: "Kreak kulturaren kontzeptu irekiaren alde egiten du, eta sormena, berrikuntza eta publikoaren parte-hartzea bultzatzen du, ezagutza eraikitzeko eta ikerketa, prestakuntza, hedapen eta erakusketarako proiektuak sustatzeko, gazteei arreta berezia eskainiz". Oso ideario polita zen Caja Vital Kutxaren Gizarte Ekintzak sorturikoa, eta orain desagerrarazitakoa.
Honengatik eta pobrea pobreagotuko delako, Krisialdi hau sortarazi dutenak putakume batzuk direla esan nien lagun hauei.