athleticek garaipena merezi eban Santanderko Racingen aurkako partiduan baina puntu bakarra eskuratu eban. Gauza bera gertatu jakon Mallorcan Joaquin Caparrosen taldearen aurka. Granadaren aurka be, ez eban galtzea merezi baina hiru puntuek iges egin eben Katedraletik. Danok dakigu futbola ez dala bidezkoa eta sarritan garaipena ez dau meritu gehien egin dauenak irabazten, gol gehien sartu dauanak baino. Laurogei minutuko ekina, lan nekeza eta joko landuaren ostean iritsi zan Athleticen gola. Racingek, ostera, hiru ostikada jo baloiari eta bardinketaren gola sartu eban. Errealidadea gordina da eta zenbakiak dira errealidade horren erakusle. Marcelo Bielsaren taldeak ez dau garaipenik eskuratu Liga txapelketako azken hiru jardunaldietan, aurkariak sailkapeneko behealdean dagozan taldeak izan arren. Azken bederatzi puntuetatik bi bakarrik eskuratu dabez zuri-gorriek eta ligea hasi zanetik lau garaipen baino ez dabez lortu. Neure ustez be, Athleticek dituenak baino puntu gehiago lortzeko merituak egin dauz, bai. Edozelan be, baloiaren jaubetzan nagusitu izanak, aurkariak baino gol aukera gehiago sortu izanak eta ondo jokatu izanak ez dauka balio kuantitatiborik. Barriro dinot, ondo jokatzea ez dala nahikoa sailkapeneko goialdean egon gura dauen taldearentzat. Marcelo Bielsaren argudioek oinarri sendoa daukie baina Athleticeko entrenatzaileak onartu egin behar dau taldeak arazo itzelak dituela atzean sartuta jokatzen daben taldeei aurre egiteko. Ikusitakoaren arabera, autobusa ipintea San Mamesen biderik zuzenena da punturen bat eskuratzeko. Urtenbide bat bilatu behar da.
Bielsaren argudioakaz jarraituta, argi dago ez dala bape erraza erasoko jokoa egitea hain esparru txikian. Horregaz batera, Athleticek aurkariak baino askoz aukera gehiago sortzen dauz, bai. Baina kontua da, zuri-gorriak ez dirala gauza talde makalak mendean har-tzeko. Bielsak ez dau B planik martxan jarri gura, A planean konfiantza osoa daukalako. Ez dakit zer aldatu behar dauen entrenatzaile argentinarrak baina emoten dau bide honetatik jarraituta Zaragoza, sailkapeneko azkenak be zeozer lortuko dauela datorren zapatuan San Mamesen.
Athleticen erasoko labana erabat amuztuta dago. Ez dago zorroztasunik aurkariaren atea zulatzeko. Esan beharrik ez dago Fernando Llorente lesionaturik egoteak kalte handia egiten deutsala Athleticen erasoko jokoari. Edozelan be, ezin gara negarrez geratu aurrelaria noiz itzuliko zain. Athletic gauza izan behar da partiduak irabazteko Llorente barik. Kontrakoa pentsatzea plantila gitxiestea litzateke.
Azken hiru partiduetan gertatutakoak ez dau esan gura Marcelo Bielsaren proiektuarenganako konfiantzea galdu dogunik. Talde honek ederto jokatzen dau eta onena ikusteko gagoz. Hori bai, taldearen ahuleziak konpondu behar dira. Aurkariaren ate aurreko eraginkortasun faltea ez da hobetu beharreko gauza bakarra. Granada, Mallorca eta Racingen aurkako partiduetan garbi geratu da Iraizozen atea zulatzea gura baino errazagoa dala. Aurkariek aukera gitxi sortzen dabez baina sortzen dabezan apurrak gauzatu egiten dabez. Sendotasuna falta da. Racingen aurka be, Herrera baloia jokatzen ahalegintzen da areatik ahalik eta urrunen bota beharrean. Ondoren falta egiten dau eta ondorioz bardinketaren gola dator. Atzelariak ia area txikian sartuta eta atezaina atepean. Kontuak kontu, badago zer hobetu baina behin baten esan neban lez, ez gaitezan larritu.
Aitamentxu bat biharko Paris Saint Germainen aurkako partiduaren ganean. Athleticek ez dauka ezer jokoan baina emoten dau bertara joango diran zaleak arriskuan egon daitekezala. Non, eta Parisen! Onartuezina da ultra koadrila batek horrelako askatasuna izatea gura dauzan astokeriak egiteko.