KRISIA dela eta Berlusconi behar den bezalako politiko moduan portatu izan balitz tragedia baten aurrean izanen ginateke. Ahalegin guztiak erabiliko zituen Italiako presidenteak hiritarrek krisiaren ondorio latzak ahalik eta arinen jasan zitzaten; Errepublika garaiko baloreen arabera -bertutea, neurria, zuhurtzia- portatuko zen merkatuen oldarrari aurre egin eta Italiako zor zaharra eta tzarra gutxitzeko; duintasunez maneiatuko zituen res publicari dagozkion aferak; eta azkenean, Senekaren pertsonaia bailitzen, kartzela edo biziarekin ordainduko zituen, ohorezko politikoen moduan, bere hiritarrengan gainbeherak eragindako sarraskia.
Horren muturrera jo gabe, umorez, hiritarrei ardura, adorea, aurrera egiteko nahia, eskatu izan balizkie; jendeari haize emateko bere gobernukideei soldata jaitsi ondoren berea interprofesionalaren mailara ekarri balu; Sarkozyri eta Merkeli "Italia ez da saltzen" aldarrikatu izan balie; tragiko baten eite heroikoa ironikotxo hartuz, Plautoren pertsonaia baten moduan portatu izan balitz, komedian izanen ginateke. Denok ikusiko genuke bukaera aldera, Terenzioren kiribilbuelta batean bezala, Berlusconik egin beharrekoa egin duela, giza natura ahula dela baina azkenean, ongiak beti egiten duela aurrera, bizitza, eta krisia, gozoak direla ozpin guztiaren gainetik.
Baina ez. Berlusconik ,botere publikoaren kontura bera aberasteaz gain senide eta lagunak aberastu balitu; dirua batetik bestera mugituz, poltsikoratu eta etxeak -100 metro koadro gutxienez- han eta hemen eraiki balitu; morala aldarrikatu eta bere desioa balu lege bakartzat, Juvenalen satiretan mugituko ginateke.
Baina ez eta hori ez. Berlusconik maskulinitatearen karikatura sortu du; errubio antzean tindatu du ilea; esperpentikoki tiratu aurpegia; barra barra hartzen du viagra bere artasunaren erakuts aldia, zeina Estatuaren boterearen islatzat baino ez baitu, ispiluan miratzeko. Horrelako batendako Danteren Infernuan ere ez dago tokirik.