SeGURU aski esatera noanak puntu asko irabazi araziko dizkit iritzi publikoa deitzen den horren baitan: irakasle jendea alferra da eta ez du kolpe zorrik ere jotzen.
Iraila gainean dugu, eta irailarekin batera ikasturte hasiera, eta ikasturte hasierarekin batera Esperantza Agirre, eta Iribas, Nafarroako kontseilaria. Lehendakarisaren adierazpenak demagogikoak dira, iritzi publikoa sutzen dute, eta egurra botatzen dute iritzi publikoaren uste, nire ustez, usteletara.
Madrileko presidenteak irakaskuntza zuzeneko orduak 18tik 20 ordutara igo dizkie bere komunitateko irakasleei. 18 zituzten lehen, Zapaterok 17ra jaitsi zituen eta Agirrek 20ra igo ditu. Kontuz gero! Irakaskuntza orduak idatzi dut, eta ez lan orduak, eta hori ongi asko daki Esperantza Agirrek, ze irakasle jendeak ez du ez 18, ez 17 ez 20 ordu lan egiten -"ez dakit zergatik egin behar duten madrildar guztiek baino ordu gutxiago" bota du- baizik eta 37,5 ordu. Hormonek jotako tutoretza ordu luze bat ez da lana, edota klaseko atzeratuenek ere ulertzeko moduko metodologia bat aurkitzea, edo astean behin jasotzen diezun lan hori zuzentzea, edo zure maila bera irakasten duten ikasleekin koordinazio bilera batean parte hartzea, edo gurasoei arazoren bat izan duzunean deitzea, edo huts egiteak aplikazio informatikoan sartu ondoren gurasoei sms bat bidaltzea, edo errespetua irakastea, edo baloreak transmititzea, edo... Ez, hori ez da lana, irakasle jendea potro -eta titi- jorran aritzen da egun osoan denon dirua xahutuz.
Benetako irakasle langileak hangoak dira, han Finlandia urrutikoak. Haiek bai lan egiten dutela! Izan ere, han ikasleak makurragoak izanik emaitza hobeak lortzen dituzte irakasleek; han politikoak hemen baino kaskarragoak dira; han gurasoak utzikeria handiagoz hezten dituzte umeak;
han ikasleak gehiago irakurtzen dute etxean ez irakurtzeko agindu dietelako; han oraindik aurrekontu txikiago bideratzen dute irakaskuntzara; han Esperantza Agirre bezalako politikorik ez dago. Han dena kaskarragoa da salbu eta irakasleak. Benga ya!