Esakera tipiko eta topiko honegaz laburtu daiteke Athleticek Valentziaren aurka jokatu eta galdu eban partidua. Joaquin Caparrosen taldeak meritoak egin ebazan garaipena eskuratzeko, edo ez galtzeko behintzat, baina ez eban asmatu bigarren gola sartzeko orduan eta bigarren zatian Valentziak bueltea emon eutsan partiduari. Horrelakoa da futbola. Bestetik, David Navarro, Valentziako atzelariak, ukondokada itzelak emon eutsazan Javi Martinezeri eta Fernando Llorenteri. Arbitroak, ostera, ez ebazan ikusi erasook, ustez behintzat, eta Navarrok ez eban txartel gorririk ikusi. Gominadunak, ostera, txartel horia erakutsi eutsan Llorenteri. Horrelakoa ei da futbola.

Ikasle garaian azterketa baten emaitza jakiterakoan min gehiago emoten eban 4,75 bateko noteagaz suspendidutea 3 bategaz baino. Athleticeri antzeko zeozer gertatu jako. Bartzelonaren zein Valentziaren aurka partidu onak egin arren, bietan be esku hutsik geratu dira zuri-gorriak. Azterketea gainditu barik hain zuzen be. Ligako hogeitabost jardunaldi jokatuta, Athleticek garaipen bakarra lortu dau sailkapenean aurretik dituen taldeen aurka. Espanyolen aurka San Mamesen lortutakoa hain zuzen. Vicente Calderonen irabazitako partidua kenduta, estatistikak dinosku Caparrosen gizonek ez dabela punturik urratu aurkari zuzenen aurkako partiduetan.

Athleticek hiru partidu galdu dauz erreskadan baina ezin geinke esan taldea krisian dagoanik. Ganera, Mallorca, Bartzelona eta Valentziaren aurka galdu arren, zuri-gorriek Europa Ligako postuetan jarraitzen dabe. Beraz, gauzak ez dira bere onetik atera behar. Hori bai, futbolean emaitzek agintzen dabe eta Athletic partiduak irabazten hasi behar da. Caparrosek esan dau San Mames erabakigarria izango dala eta ez jako arrazoirik falta, Sevilla, Vila-real, Real Madril eta Realaren aurka jokatuko dabelako zuri-gorriek katedralean. Valentziaren aurka gertatutakoa ezin da errepikatu Europa Ligarako txartela eskuratu ahal izateko behinzat.

Futbol munduak be baditu gainditu bako azterketak. Onartezina da David Navarroren jokabidea. Fernando Llorentek zein Joaquin Caparrosek gogor salatu eben Valentziako atzelariaren jarrerea. Entrenatzaileak, baina, lehiaketa batzordeak neurriren bat hartu beharko leukenentz itaunduta, zelaian gertatutakoa zelaian amaitzen dala esanez erantzun eban. Ez, Caparros jauna. Espainiako Futbol Federazinoko Lehiaketa Batzordeak zigortu egin behar leuke David Navarro eta gogor ganera. Hasteko, eraso egin eutsan aurkari bateri eta gero, ganera, arbitroa engainatzen ahalegindu zan -eta lortu be-. Navarrori lau partiduko zigorra ipinten badeutse hurrengo baten aurkari bateri ukondokadea emon aurretik bi bider pentsauko dau. Zigorrik jaso ezean, ostera, hurrengo baten be legez kanpoko edozein trikimailu erabiliko dau eta arbitroak barriz engainatzen ahaleginduko da.

Valentziaren aurkako partidura itzulita, azpimarratzekoa da Oscar De Marcosek egindako lan ona. Mutil honek jokatzeko aukera gehiago euki beharko leukez. Iraola barriz zigortuta egon arte itxaron behar badau jai dauka Biasterikoak.

Beste alde batetik, zorionik beroenak Juan Luis Fuentesek eta Antonio Karmonak zuzentzen daben Athleticeko kadete mailako taldeari. Zuri-gorriek 0-1 irabazi dabe Realaren aurka Zubietan eta ia erabagita itzi dabe Euskal Ligea. Athleticek sei puntuko aldea kentzen deutso Realari eta hogeita hirukoa Alaves eta Antiguokori. Ganera, plantilako jokalari gehienak, ia guztiak, bizkaitarrak dira.