Futbolean -bizitzako hainbat arlotan lez- emaitzek agintzen dabela abiapuntzat hartuta ezin gaitekez pozik egon Athleticek galdu egin ebalako Nou Campen. Edozelan be, Bartzelonaren aurkako partiduko azken emaitzak ez dau baldintzatu behar norgehiagokaren ganeko analisia eta balorazinoa. Lehoiak esku hutsik itzuli dira Bilbora baina munduko talderik onenak bere baliabide guztiak erabili behar izan dauz garaipena eskuratzeko. Beraz, emaitzaren ganetik, pozik egon gaitekez Athleticek Messi, Iniesta, Xavi, Villa, Alves eta gainerako izarren aurka egindako lanagaz. Azken baten, Nou Campen galtzea aurreikusita dago denboraldiko gidoian. Kontua da, galtzeko moduak eta moduak dagozala. Lau bider jokatu dau aurten Athleticek Bartzelonaren aurka eta garaipenik lortu ez badau be -bi galdu eta beste biak bardindu- zuri-gorriek istutu egin dabe Guardiolaren taldea.
Joaquin Caparrosek Kopako kanporaketan eraginkor izan zan sistimea errepikatu eban Iturraspe Llorenteren atzetik ipinita. Laugarren minuturako, baina, Villak pikutara bota eban Athleticen planteamendua. Guztioi pasa jakun burutik hondamendiaren arriskua. Zorionez ez zan horrelakorik gertatu. Lehen zatia amaitu baino lehen bardinketaren gola sartzeko zorioan egon ondoren, bigarrengoan partiduaren bila urten eban Caparrosen taldeak. Entrenatzailearen apostuak saria euki eban eta Iraolaren golak ametsetan hasteko aukerea emon euskun. Athleticek nortasun handia erakutsi eban eta ez zan kikildu futbolean jokatzeko makinaren aurka. Azkenean, Bartzelonako izar nagusiak, Messik, erabagi eban norgehiagoka sekulako kalidadea daukalako. Lojikea nagusitu zan, bai, baina zuri-gorriek zaleok eskatzen deutseguna emon euskuen.
Athleticeko entrenatzaileak asmatu egin eban Toquero zelairatzearekin. Ondorioak begi bistakoak izan ziran. Ander Iturraspek eskertuko leuke nonoiz bere benetako postuan jokatzeko aukera izatea. Utrerakoak, ostera, huts egin eban bigarren aldaketan. Iker Muniain sartu eban ezker hegalean Gabilondoren ordez eta Iraizozen aterako bidea zabaldu eutsan Alvesi. Nafar gazteak ikusi be ez eban egin brasildarra. Entrenatzailea bera be konturatu zan egindako hutsagaz eta David Lopez zelairatu eban postu horretan Muniain eskuinera ekarrita. Ordurako beranduegi zan, Bartzelonak bigarren gola sartuta eukalako.
Ametsa polita izan bazan be, errealidadeak dinosku Athleticek partidu bi galdu dauzala erreskadan eta Europako Ligatik kanpora geratzeko postuak bost puntura dagozala. Beraz, espabilaten hasteko ordua heldu da. Lehen azterketa ez da bape erreza izango, Unai Emeryren Valentzia, sailkapeneko hirugarrenaren aurka jokatu dabe-eta zuri-gorriek domekan San Mamesen. Ia zelan beteten dauen Caparrosek Andoni Iraolaren hutsunea. Antza, Lezama osoan ez dago postu horretan jokatu leiken mutilik. Adurizek be ezingo dau jokatu domekan Katedralean eta zuri-gorriek eskertuko dabe zelaian aurkari ez izatea.
Zorterik onena opa deutsat Jose Luis Mendilibarri. Zaldibarkoak Osasunaren ardurea hartu dau eta seguru nago gorritxoek ez dabela arazorik izango mailari eusteko.
Azkenik, aitamentxo bat aste honetan Espainia mailako irrati batek Bilbotik bertatik egingo dauen saioari. Carlos Gurpegiren ganean eta orokorrean Athleticen ganean sekulakoak eta bi esan dituen kazetariak gaurko Athleticeko ikur nagusiak gonbidatu dauz bere saiora eta txarrena da guztiek baiezkoa emon deutsela. Ze arin ahaztuten doguzan gauza batzuk.