Athleticen ganeko edozein analisi egiten hasita gaur egun ez dago tarterik kritikentzat. Taldea emaitza bikainak lortzen dabil eta ondo jokatuta ganera. Ezin jako gehiago eskatu Joaquin Caparrosen taldeari. Zuri-gorrien datuak ikaragarriak dira. Lau garaipen lortu dabez erreskadan, gol asko sartzen dabez, Iraizozek minutu piloa daroa golik jaso barik eta abar luzea. Sailkapenari begiratuta, Athleticek hamazazpi puntora daukaz jaisteko postuak (sailkapeneko behealdera begiratzeko ohiturea ez dot galdu), Europa Leaguen sartzeko borrokan zortzi puntuko aldea kentzen deutso sailkapeneko zortzigarrenari, Atletico de Madrili, eta azkenik, Txapeldunen Liga jokatzeko aukerea emoten daben postuak sei puntora dagoz. Datu honeen arabera, Txapeldunen Ligea dago hurren eta beraz horixe izan behar da zuri-gorrien helburua. Orduan sortzen jaku itaun nagusia: Noraino heldu daiteke talde hau?
Futbolean, eta Bilbon batez be, ez da denbora askorik behar depresinotik euforiari igaroteko edo kontrako bidea egiteko. Txapeldunen Liga aitatzen hasi gara eta beste garaipen bi lortuta bateren bat gabarrea garbituten hasiko da. Azterketa objetiboa egiten ahaleginduta, garbi dago lau partidu erreskadan irabaztea ez dala kasualidadearen ala zortearen ondorioa. Athleticen gorakadeak oinarri sendoak daukaz eta horrek emoten deusku etorkizunari begira baikor izateko aukerea.
Zenbakiak alde batera itzita, Athleticek jauzi kualitatibo nabarmena emon dau azken asteetan. Garbi geratu da, Athletic ez dala Llorente eta beste hamar. Ezin da ukatu aurrelaria garrantzi handiko jokalaria dala. Izan be, sasoi betean egon ez arren golak sartzen jarraitzen dau. Halan ta guzti be, Athleticek erakutsi dau futbolean jokatzen dakiela eta taldearen errekurtso bakarra ez dala baloi luzeak botatea Llorenteren buruaren bila.
Taldeko goleatzaile nagusiak protagonismoa galdu dau. Zehatzago esateko, taldekideek kendu egin deutse protagonismo hori. Hortxe dago Iker Muniainen eztandea. Begi bistakoa zan nafarra gaitasun handiko jokalaria dala, baina eztanda egitea falta jakon eta azkenean heldu da gure Bart txikiaren loraldia. Gidatzeko baimena atara eta San Mamesko zaleak liluratzen hasi da hankalaburra. Aspaldiko urteetan ez dogu horrelako jokalaririk ikusi Katedralean. Jokalari bertikala da, indartsua eta lotsabakoa. Eta hamazortzi urte baino ez dauka. Holan jarraitu ezkero markes izendauko dabe laster.
Beste jokalari batzuk be protagonismoa hartu dabe. Gaizka Toquero itzel dabil eta golak sartzen hasi da. Barriro be Lehendakaritzarako bidean.
Denboraldia hasi baino lehen emoten eban Pablo Orbaizek ez ebala zeresan handirik izango taldean. Nafarra, ostera, sasoian dago eta zelaian dagoanean taldearen jokoak onerako igarten dau. Horregaz batera, David Lopez onena ikusten gabilz. Errioxarraren eskutik -edo oinetik zehatzago esateko-Athleticek arrisku handia sortzen dau falta jaurtiketa eta kornerretan. Ganera, penaltiak sartu egiten dauz. Gurpegi, Iraola edo Javi Martinezen inguruan esan beharrekoak esanda dagoz eta beste aitamentxo bat merezi dabe zaratarik egin barik titulartasunaren jabe egin diran Borja Ekiza eta Koikilik. Ganera, ez doguz ahaztu behar aulkian jesarrita doguzan Gabilondo, Susaeta edo Iturraspe.
Barriro dinot, Athletic ez dala Llorente eta beste hamar. Traineru baten hamairu arraunlari indartsu izatea ez da nahikoa estropadak irabazteko. Guztiek batera egin behar dabe arraunean eta ontzia ondo orekatuta egon behar da. Horixe da bidea.