Athletic zaleak gozotan gagoz. Denboraldia hasi zanetik unerik gozoenean dago Joaquin Caparrosen taldea Atletico de Madrili irabazi ostean. Izan be, zuri-gorriek Vicente Calderonen lortutako garaipenak balio erantsia dauka. Hiru puntuez gain, Europarako sailkatzeko aukari zuzen baten aurka nagusitu dira lehoiak gol-average dalakoa alde jarrita ganera. Hori gitxi balitz, Atlhleticek talde itxura sendoa eskaini eban eta ondo jokatuta lortu eban garaipena, denboraldi honetan etxetik kanpo irabazitako partidu bietan ez bezala. Hori guztia gitxi balitz, Vicente Calderonen irabazita, Athleticek atzean itxi dau etxetik kanpoko partiduetan erakusten eban ezina. Ganera, Athleticen aurkari zuzenek, Espanyol, Atletico Madril, Mallorca eta Getafek galdu egin eben eta Sevillak puntu bakarra eskuratu eban. Garaipena biribilagoa egiteko, Athleticeko beste talde guzti-guztiak irabazle izan dira jardunaldi honetan, Bilbao Athletic, Baskonia, emakumezkoen talde biak, gazte mailako talde biak, kadeteak, infantilak eta alebin mailako lau taldeak. Kontuak kontu, ezin da gehiago eskatu.
Kontu positiboekaz jarraituz, taldeari konfiantza handia emoten deutso atezaina hain sendo ikustea. Horregaz batera, Borja Ekiza ondo baino hobeto aprobetxatzen ari da entrenatzaileak emondako aukerea. Trena behin bakarrik igaroten da ate aurretik eta Ekiza titulartasunaren jabe egin da, zaratarik egin barik, serioa, sendoa eta eraginkorra dalako. Andoni Iraola eta Javi Martinez sasoi betean dagoz eta esan beharrik ez dago taldeak asko eskertzen dauela jokalari bi honeen ekarpena. Muniain gero eta helduago ikusten dogu eta ganera, Toquero golak sartzen hasi da. Llorentek sasoia berreskuratzea baino ez da falta. Athletic Europako postuetan dago eta azken hiru jardunaldietan kateatutako garaipenek sekulako morala emon deutse taldeari. Ikusitakoaren arabera, Athletic gorantza doa eta ikusiko dogu noraino heltzeko gauza dan.
Egoera gozoenetan be autokritika egitea osasungarria dan lez, ez dogu ahaztu behar penaltiaren jokaldia iritsi baino lehen Atleticeko de Madrilek gol aukera garbi bi euki ebazala, Aguerok eta Forlanek, zuri-gorriek defentsan egindako hutsak aprobetxatuta. Beraz, badago zer hobetu. Penaltiari jagokonez, entrenatzaileak erabagi behar dau nork jaurti behar dauen eta kitto. Bide honetatik jarraitu ezkero egunen baten zuri-gorriak borrokan hasiko dira zelaian penalti bat edo falta bat nork jaurti behar dauen erabagitzeko. Vicente Calderonen penaltia jaurti aurretik eta ondoren gertatutakoa ezin da errepikatu.
Ondo etorri Urko Vera. Begi onez ikusi dot Urko Veraren fitxaketa eta asko poztu naz mutilagaitik. Athletic harrobia lantzen dauen taldea da eta Lemoa zein Bizkaiko talde guztiak harrobi horretako zati garran-tzitsua dira. Urko Verak urte bi egin ebazan Lezaman baina beste talde baterako bidea hartu behar izan eban alebin maila amaitu eta gero. Urkok lez, beste hainbat mutilek itxi egin behar izan dabe Athletic. Urtero, denboraldia amaituta, talde bakoitzeko dozena erdi bat mutilek Lezama itxi behar izaten dau. Era berean, ostera, Bizkaiko taldeetan jo eta su dabilzan mutilek Athleticen deia jasoten dabe, Lezama bizirik dagoala erakutsiz. Urko Verak gogor egin dau behar dagoan lekura heltzeko eta Txurdinagako mutilak barriro erakutsi dau Lezamatik kanpo be badagoala zer esan eta zer egin futbol munduan. Izan be, gero eta hobeto egiten da lan Bizkaiko taldeetan. Zorte on Urko! Amaitzeko, Madril ligari agur esaten hasi da Sadarren. San Mamesera datorrenean itxaropen guztiak galduko ditu. Ezanean euskaldunak diralako.