LIGA txapelketaren lehen itzulia amaituta, balorazinoak egiteko ordua heldu da. Irakurketa objetiboa eginda, Joaquin Caparrosek zuzen- tzen dauen taldeak emaitza onak lortu dauz orain arte eta sailkapeneko onenen artean amaitu dau txapelketearen lehen erdia. Utrerakoaren estiloa gogoko ez dogunok be, aitortu behar dogu sailkapenari begiratuta Athletic ondo kokatuta dagoala Europarako borrokan buru belarri sartzeko. Kontuak kontu, zenbakiak aztertuta pozarren egoteko motiboak daukaguz.

Dana dala, irakurketa sakonagoa egiten badogu, subjetiboa hau, Athleticek ez dau ondo jokatu lehen itzuliko partidu askotan eta puntu asko azken minutuan eta ozta ozta eskuratu dauz. Botila erdi beterik ikusi gura dauanak esan leike, txarto jokatuta taldea Europan jokatzeko postuetan badago, zer gertatutako da Athletic ondo jokatzen hasten denean?

Argi eta garbi dago talde zuri-gorriak badaukala zer hobetu bigarren itzulira begira. Alde batetik, ezin da hain joko eskasa egin, etxetik kanpoko partiduetan batez be. Sarritan emon izan dau taldeak ez ekiala zertara jokatzen ebilen. Horregaz batera, Athleticek gol askotxo jaso dau. Gehiegi. Konponbidea, ostera, ez da erru guztia zentralei botatea eta bateri batez be. Zorterik onena opa deutsat Borja Ekizari baina ez dot bidezko ikusi Caparrosek Ustaritzegaz egin dauena. Emoten dau, Abadiñokoa dala Athleticek atzealdean dituen arazo guztien ama.

Ia lau denboraldi daroaguz Utrerako entrenatzaileagaz eta honelako maniobrek ez gaitue ezustean harrapatzen. Dino Caparrosek Ekizak debutatu izanak Lezama bizirik dagoala erakusten dauela. Non geratu dira Eneko Boveda, Xabi Etxebarria, Aitor Ramos, Joseba del Olmo, Etxeita, Adrien Goñi eta azken urteotan debutatu daben beste batzuk?

Joaquin Caparrosek bere estiloa dauka eta ez dau aldatuko. Athleticeko entrenatzailearentzat emaitza da garrantzitsuena gauza guztien ganetik. Ondo jokatuta bada, hobeto, baina hori bigarren mailako kontu bat da Athleticeko entrenatzailearentzat. Kontua da, geu be, Athletic zaleok be, pozik gagozan ala ez estilo horregaz.

Fernando Llorentek ezin izan eban amaitu Racingen aurkako partidua zerbikaletan kolpe gogorra hartu ebalako. Aurrelaria ezinean ebilen baina entrenatzaileak ez eutsan zelaia izteko aukerarik emon atsedenaldia heldu arte. Bera barik jokatu eban taldeak bigarren zatian eta askoren ustez barriro be agirian geratu da Llorenterekiko menpekotasuna. Esan beharrik ez dago oso jokalari garrantzitsua dala Athleticentzat eta bera zelaian ez badago taldeak igarri egingo dauela. Gauza bera gertatzen da talde guztietan, Bartzelona edo Real Madriletik hasita. Messik edo Cristianok joka- tzen ez badabe euren taldeek igarri egiten dabe. Dana dala, ez dot uste dramatizatu behar danik. Llorente ez badago beste era batera jokatu beharko da eta kitto. Mundua ez da amaituko. Ganera, Real Madrilen gauzak zelan doazen ikusita, hasi gaitezen aztertzen zelan jokatu behar dogun Llorente barik. Gehiengoaren eritxiaren aurka joan arren, nire ustez Athleticek badaki jokatzen bera barik.

Antoine Griezman, Realeko jokalariak parkamena eskatu behar izan eban Getaferen aurkako partiduan gol bat sartu ostean ikurrina mosukatu eta Alfonso Perez estadioko zaleak sutan ipini ebazalako. Non dago pekatua? Ikurrina mosukatuz ez dot uste inor iraindu ebanik. Halan ta guztiz be, parkamena eskatu behar izan eban. Hori bai, Getafeko zaleek zein Españako beste hainbat estadiotako zaleek ez dabe parkamenik eskatu behar euskal jokalariak behin eta barriro iraintzen dabezanean euskaldunak diralako.