aitortu behar deutsuet ez daukadala oso argi nondik bideratu gaurko artikulua, baikortasunetik ala ezkortasunetik. Zalantzak daukadaz. Ez daukat oso argi botila erdi beterik ala erdi hutsik ikusi behar dodan. Bide bat zein bestea aukeratzeko argudioak dagoz. Edozelan be, esan beharrik ez dago taldearen jarduerak zalantzak sortzea ez dala, berez, oso positiboa.
Lehen itzulia amaitzeko jardunaldi bakarra geratzen danean, Athletic sailkapeneko goialdean dago eta askoz hurrago daukaz Europan jokatzeko aukera emoten daben postuak, jaisteko postuak baino. Ganera, hondino gogoan daukagu Bartzelonaren aurka jokatutako kopa txapelketako kanporaketa ederra. Hori gitxi balitz, liga txapelketako hurrengo partidu biak San Mamesen jokatuko dauz Athleticek Racing eta Hercules, irabazteko moduko talde biren aurka. Esandako dana kontuan izanda, botila erdi beterik ikusi daiteke. Joaquin Caparrosentzat ez dago zalantzarik. Pozarren egoan Malagaren aurkako partiduan puntu bat lortu ostean. Pentsa lei, Javi Martinezek azken minutuan kokota luzatuta eta lepoz sartutako golak taldearen ganeko analisia aldatu behar dauela. Botika batzuetako prospektoan agertzen dan lez, azken orduko gol batek sintomak arindu leikez baina ez dau gaixotasuna osatuko.
Azken emaitza alde batera itzita (badakit futbolean emaitzek agintzen dabela) Athleticek partidu txarra jokatu eban La Rosaledan, aurretik beste hainbat zelaitan egin dauen lez. Hori gitxi balitz, ezin dogu ahaztu Athletic istu eta larri ibili dala etxeko partiduak irabazteko eta azkenengoan galdu egin ebala Deportivoren aurka.
Kopatik kanporatuta geratu eta gero taldeak buru belarri ekingo deutso Liga txapelketeari. Helburua Europarako sailkatzea bada, taldeak gauza asko hobetu behar dauz. Orain arte lez jarraitu ezkero, gatxa, oso gatxa izango da sailkapeneko lehen seiren artean sartzea. Edozelan be, Athletic egoera egokian dago goranzko jauzia emoteko. Lasai dago sailkapenean eta hurrengo partidu biak San Mamesen jokatuko dauz. Ia ba botilea beteten hasten garan.
Koikili Lertxundik Athleticegaz daukan kontratua aurtengo ekainaren 30ean amaituko da eta orain arte entzundakoren arabera, Ibaiganeko arduradunek ez daukie asmo handirik Otxandiokoaren kontratua barriztuteko. Koikilik partidu asko jokatu dauz Athleticen azken hiru denboraldietan, 28, 26, eta 25 hain zuzen, entrenatzailearen begiko izan ez arren. Aurten be, baztertuta egon da denboraldi hasieran baina titular izan da azken partiduetan. Ez dakit zenbat irabazten dauen jokalari honek baina ziur nago plantilan gitxien irabazten dauenetakoa dala. Jokalari merkea eta eraginkorra ezelango zalantza barik. Ganera, Koikili-lako gizonak beharrezkoak dira plantila baten. Beteranoa, sufriduten dakiena, zentzuduna, konpromezu handikoa, kopla bakoa, bizkaitarra eta euskalduna. Kontuak kontu, ez al dago lekurik Athleticeko plantilan holako jokalari batentzat? Bai, ezelango zalantza barik.
Berba bi Bartzelonaren aurkako kanporaketaren ganean. Hasteko, zaleriaren erantzuna ikaragarria izan zan barriro be. San Mamesen sortu zan giro zirraragarria azaltzea ezinezkoa da. Bertan egon behar da.
Athleticek meritu handiko kanporaketa jokatu eban. Dana dala, San Mamesko partiduan faltan bota neban zuri-gorrien erauntsia. Errespetu gehiegi euki eutson Bartzelonari eta eskuko frenoa emonda jokatu eban Abidalek gola sartu eban arte. Ordurako berandu zan.