Joaquin Caparrosek susmo txarra hartzen eutsan Deportivoren aurkako partiduari. Beste era batera esanda, kikiri sundea edo erre usaina asmaten eban. Bete betean asmatu eban Athleticeko entrena-tzaileak, Lotinaren taldearen aurkako norgehiagokan gertatutakoa sinestezina izan zalako. Lehen ordu laurdenean partidua erabagita izteko aukerak alperrik galdu ostean, zuri-gorriak atzetik ziran markagailuan eta gizon bat gitxiagogaz ganera. Hori guztia, San Mamesetik igaro dan talderik makalenetakoaren aurka. Edozelan be, Athleticek ez eban galtzea merezi.

Egia da, baina, Deportivoko jokalariak ez zirala lehoiek bedartza ganean euki ebezan aurkari bakarrak. Rubinos Perez epailearen lana erabakigarria izan zan. Berak bakarrik ikusi eban penalti Ustaritzek Deportivoko aurrelari bateri atzetik etorrita baloia kendu eutsan jokaldian. Erabagi oker horrek partidu osoa baldintzatu eban. Domekako partiduaren ostean zalantza handi bat geratzen jat: area barruan eskuagaz ikututen diran baloi guztiak penalti dira ala ez? Rubinos Perezen eretxiz ez, antza.

Arbitro batek partidu baten eginiko beharraren ganean itaunduta sarri entzuten dogu, guztiok lez arbitroek be hutsak egiten dabezela. Horretan ez dago zalantzarik. Arazoa dator, zalantzak sortzen diranean arbitroaren inpartzialitatearen ganean. Gauza bat da penalti bat ez ikustea eta beste bat ikusi gura ez izatea. Zalantza honen haritik helduko deutsat biharko kopako partiduari. Izan be, Muñiz Fernandez, gominadun arbitroak, zuzenduko dauelako Bartzelonaren aurkako partidua. Asturiarra barrabaskeriak egindakoa da Athleticen aurka eta ikarea sortzen deust. Ezin dot ukatu.

Disfrutatzeko partidua izango da biharkoa. Nou Campetik bizirik urten eta gero, Athleticek esku-eskuan dauka munduko talderik onena kanporatzea Kopa txapelketatik. Eta ez dinot hau baikortasuna zabaltzearren, ez. Benetan uste dot Athletic gauza dala Bartzelonari irabazteko bihar. Norgehiagoka San Mamesen jokatuko da eta Katedralean lehoien indarra biderkatu egiten da. Bilboko estadio zaharrean giro majikoa sortzen da biharkolako partiduetan. Zirraragarria da berrogei mila lagun aldarri baten atzean entzutea. Tsunami baten an-tzekoa da. Olatu erraldoi horrek futbola sortzeko makinea iruntzi behar dau. Esan beharrik ez dago ez dala erraza izango, baina barriro dinot San Mamesko gau majikoetan Athletic edozein aurkariri irabazteko gauza dala. Ganera, ez litzateke lehenengo aldia izango Bartzelona Katedralean sufriduten ikusten duguna. Zaparradearen ostean eguzkia datorrela dinoe. Ondorioz, Deportivoren aurkako borraskearen ostean, eguzkia nagusituko da Bar-tzelonaren aurka. Bitxikeri zaleentzako esan behar, hego haizeak gogor joko dauela biharko partiduan. Hori bai, mesedez ez txistu egin gure jokalari bati huts egiten dauenean. Hori ez da gure estiloa.

Joxeanjel Iribarrek itzi egin deutso euskal selekzinoko hauta-tzaile izateari, hamazortzi urtetan lan bikaina egin ostean. Eskerrik beroenak Txopo-ri. Jupp Heynckes Athleticeko entrenatzaile zala, Iribarrek berrogeita hamar urte bete ebazan. Ohiko prentsaurreko baten, inork ezerbe itaundu barik, Heynckesek bere harridurea erakutsi eban Iribarrek mende erdi bete izanak ez ebalako ia ohartzunik izan komunikabideetan. "Alemanian ez da hori gertatzen Gerd Muller, Maier edo Beckenbauerregaz. Iribarrek beste tratu bat merezi dau hemengo fubolaren ikur nagusia da-eta".

Ez dot inoiz ahaztuko Heynckesek esandakoa, besteak beste, egi biribila dalako. Mila esker Joxeanjel emon deuskuzun guztiagaitik. Euskeraz diharduen kazetari lez, beti eskertuko deutsut zeure prestutasuna eta geure hizkuntzearen aldeko konpromezua. Holan segidu.