EUSKAL selekzioaren, gure selekzioaren partidua izango dogu bihar atzera be urte biko siketa mingarriaren ostean. Lanera joango naz San Mamesera Bizkaia Irratiko entzuleei partiduaren nondik norakoak kontetako. Edozelan be, ez neban hutsik egingo eta beste edozein zale lez jarriko nintzan Katedraleko harmailetan. Izan be, bihotzean daroagun taldea da Euskal selekzioa, barru barruan sentitzen doguna, munduko txapeldun guztien gainetik. Biharkoa ez da futbol partidu bat bakarrik, herri baten sentimenduaren erakusgarria baino. Hortik aurrera, ikusi gura ez dauena da itsurik txarrena.

Ez dot inoiz ahaztuko 1979 urteko San Roke egunean Euskadik eta Irlandak San Mamesen jokatu eben partidua Bai Euskarari kanpainaren barruan. Neure jaiotetxeko gelan, Gaztelun, urteetan izan neban partidu haretako argazkia. Iribar, Dani, Irureta, Kortabarria, Txetxu Rojo, Argote, Escalza, Zamora eta Arkonadak jokatu eben, besteak beste, Eireko selekzioaren aurka. Espainiako Futbol Federazinoko presidente jauna, Angel Villar Llona, be hantxe izan zan. Egun ederra eta gogoangarria benetan.

Egia esateko, ordutik eta hona ez dogu aurrepausu handirik emon. Hogeita hamaika urte beranduago, euskal selekzioak partidu bat bakarrik jokatzen dau urtero (jokatzen badau) eta lagunartekoa ganera. Gure egarria ez dago asetuta. San Mamesen batuko garan guztiok (gehienok bai behintzat) nazinoarteko mailako txapelketetan jokatzen ikusi gura dogu gure herriko selekzioa. Esperientziak erakutsi deusku, bidea ez dala erraza izango eta oztopo asko aurkituko doguzala. Garbi dago Lissavetzky eta enparauek gorputz eta arima jarriko dabela gure selekzioak nazinoarte mailan jokatu ez daian. Hortxe doguz, Espainiako Auzitegi konstituzionalak Kirolaren Euskal Legearen aurka aurkeztutako helegiteak. Edozelan be, ez dogu etsi behar. Emon beharreko urrats guztiak emoten ahalegindu behar gara eta jo beharreko ate guztiak jo behar doguz. Beti gogoratzen dot Nafarroa Oinez-eko lelo bat: "Ezina ekinez egina".

Eta hori lan guztia danon artean egin behar dogu. Inor ez dago soberan Euskal selekzioaren aldeko beharrean. Alkarri harrika eginda ez dogu inoiz aurrerapausurik emongo. Gabonetako partidua jokatzea garrantzitsua izanda be, ez da nahikoa. Euskal selekzioaren zaleok gehiago gura dogu. Venezuelan jokatu izana urrats garrantzitsua izan zan eta mahai ganean badira beste proiektu erakargarri batzuk. Ederra izango litzateke nazinoen torneo baten parte hartzea beste selekzino batzukaz batera. Horretarako borondatea eta alkarlana ezinbestekoak dira.

Biharko partidua jai giroan jokatuko bada be, Euskal selekzioa eta Venezuelaren arteko norgehiagoka, lagunartekoa izan arren, ez da koadrilako ezkonduen eta ezkonbakoen arteko partidua. Ez da zirkoa. Olatuarena egitea oso ondo dago baina mesedez itxaron bigarren zatia hasi arte gitxienez.

Amaitu baino lehen, albiste pozgarri baten barri emon behar deutsuet. Michel Platini, UEFAko presidentea, pozarren dago bere kargurako barriro aukeratu dabelako eta erabagi dau Euskal sekekzinoari aukera emotea hurrengo Eurokoparako sailkatzeko fasean parte hartzeko. Emozionetan hasi aurretik, ez ahaztu gaur inusente eguna dala eta ez dozuela sinistu behar irakurten eta entzuten dozuen guztia.

Zorionak eta urte barri on!