Eta zergaitik ez dau Athleticek Bartzelona kanporatuko kopa txapelketatik? Ez litzateke lehenengo aldia izango. Datu objetiboak aztertuta eta aurkari bien jokoa ikusita garbi dago ezusteko itzela izango litzatekeela Caparrosen taldeak aurrera egitea Kopan. Halan ta guztiz be, ez gara negarrez hasi behar Nou Campen jokatu aurretik. Ganera, une ona da Athleticen aldeko apostua egiteko, inork ez dau-eta txakur txikirik emoten zuri-gorrien alde.

Bartzelonaren aurka jokatzeko eguna heltzen danean, kazetariok beti itauntzen dogu une egokia danentz Nou Campera joateko. Beste galdera topiko eta tipiko bat izaten da ea zelan jokatu behar jakon Bartzelonari garaipena lortzeko aukeraren bat eukiteko. Kasu honetan, garbi dago ez dala une egokia Nou Campen jokatzeko. Izan be, Guardiolaren taldeak aurkariak zapaldu eta iruntzi egiten dauz, piztia balitz lez. Hobeto dogu Bartzelonaren estatistikak ez begiratzea, negarrez eta dardarka hasiko ginateke-eta. Beste alde batetik, ez da erreza asmatzea zelan jokatu behar jakon Bartzelonari. Real Madrilek, Sevillak, Realak, Espanyolek, Almeriak eta beste hainbat taldek sistima ezbardinak erabili dabez Bartzelonari aurre egiteko eta guztiek zapalduta amaitu dabe.

Gaurko partiduan Bartzelonak irabaztea lojikoena litzatekeela aitortu arren, horrek ez dau esan gura lehia hasi aurretik Athleticek amore emon behar dauenik. Badakigu Bartzelona Athletic baino hobea dala eta Guardiolak zuzentzen dauen makinak ondo funzionatzen badau ia ezinezkoa izango dala bizirik urtetea Nou Campetik. Halan ta guztiz be, Athleticek bere armak erabili behar dauz. Santiago Bernabeun jokatu aurretik esan neban lez, zuri-gorriek konplexu barik urten behar dabe zelaira, euren lana ondo egitera. Harrotasunez. Messi, Villa, Pedro eta enparauak gure jokalariak baino trebeagoak dira, bai, baina ez dira gu baino gehiago izan behar konzentrazino eta inplikazino mailan edota ez dabe guk baino gehiago korridu behar. Arlo horreetan, Athletic nagusitzeko gauza da. Lehoiek istutu egin behar dabe futbol makinea, itota izteko asmoagaz. Galtzaile izatekotan be, galtzeko erak eta erak dagoz. Ea Athleticek bizirik urteten dauen gaur Bartzelonatik eta Errege bezperan San Mames irakitan ikusten dogun.

Bartzelonaren aurka gaur joka-tzea, alde batetik baino ez bada be, ondo etorri jako Joaquin Caparrosi zaleek arin ahaztuko dabelako Levanteren aurkako partiduan erakutsitako joko negargarria. Dinoe, itsurik txarrena ikusi gura ez dauena dala. Valentziako partidua amaitu osteko prentsaurrekoan entrenatzaileak behin eta barriro azpimarratu eban garaipena eskuratu izana zala garrantzitsuena, beste edozein analisiren ganetik. Barriro be, autokritika beste egun baterako itxi dau Utrerakoak. Emaitzei begiratuta, ezin da ukatu Athleticek bikain amaitu dauela 2010 urtea, azken lau jardunaldietan bederatzi puntu eskuratuta eta sailkapeneko goialdean. Dana dala, begibistakoa da Athleticek ez dauela piperrik be jokatzen. Lau denboraldi daroaz Caparrosek Bilbon eta ondino be, taldea ez da ondo egituratutako bloke sendo eta ordenatua. Noraino helduko gara holan jokatuta?

Erantzule nagusia entrenatzailea izan arren, egia da baita, jokalari batzuk oso makal dabilzela. Kezka-tzekoa da atezainaren bolada txarra. Gorka Iraizoz ez dago ondo eta taldeak igarri egiten dau. Atezaina konfiantza barik dagoanean taldearen zutabe nagusienetakoa kili-kolo dago.

Zorionak eta ondo pasa Gabonak!. Ondo etorri Telmo Prieto!