Síguenos en redes sociales:

Kategoriak

Polemistak garela dio gure amak. Ez dakit, hitz potoloegia iruditzen baitzait gure arteko eztabaidak izendatzeko. Ez baitira polemika izatera iristen, sesioa antolatzea izaten baita bere helburu bakarra. Eztabaidatzea ariketa soziala da gurean. Ulertzekoa da: mahai baten inguruan hizketarako gaiak segituan agortzen dira senideen artean, denok ondoegi ezagutzen baitugu elkar. Hutsune horiek berehala pizten diren hika-mikekin betetzen ditugu, edozein delarik aitzakia.

Halako liburuak ez duela merezi esan du batek, kafearekin ari ginela. Ondokoren bat berehala atera zaio obra horren defentsan, mihia berotu zaionean ez duela oraindik irakurri aitortu badu ere. Jende guztia irakurtzen ari dela, eta horrek kalitate minimo bat baduela esan nahi omen du. Argumentu berbera balio dio, ordea, gaia atera duenari: denek irakurtzen badute, zertan irakurria ez dagoela esan du, triunfo dialektikoaren bandera eskuan hartuta. "Oraindik" horrek grazia egiten diola esan dio beste batek, eta laugarrena animatu da, grazia non ikusten duen galdetuta. Eta horra doa, laugarren mahaikide bizkorra, bere tesia azaltzera. Hitz testualak ez badira ere, hona funtsa: udan jendeak "irakurri behar dena" eramaten omen du oporretara, hondartzan edo igerilekuan "ongi" ematen duten liburuak: bestsellerrak izaten dira oso irakurriak ez diren lagun-taldea tokatu bazaizu, edo modako azken idazle abangoardistarenak, jende intelektual samarraren artean bazabiltza. Moda kontuak dira batera edo bestera, esan du bere sententzia burutzeko.

Harrigarria bada ere, isilunea egin da mahaiaren bueltan. Gure kritiko literario partikularrak jaulkitako esaldiari erreparatu baino, gehienok udako atseden-egunerako zein liburu aukeratu ditugun buruz errepasatzen ari ginela esango nuke, geure burua zein kategoriatan kokatu behar dugun jakiteko.

Bazkaloste lasaiak izorratzeko makinak garela dio gurea aitak, eta hari bai, hari arrazoia aitortu behar diot.