ADIZKIDE on batek sarri erabiltzen duen esaldia da. Oso laguntzaile borondateko lauzpasei urteko bi ume ditu eta etxeko lanak, harrikoa, lisatzea edo bazterretako hautsak kentzen ari denean "Ez nazazue hainbeste lagundu, zuen gauzekin jolastu" esaten die. Zinez gustatzen zaio haurrekin jolastea, haiekin egotea eta ibiltzea, harreman osoa duela esango nuke baina bada unerik egin beharrak, egin nahiari aurrea hartzen diona eta holakoetan nahiago du bakarrik. Kontraesanik ere sentitzen du "Hau ere ikasi behar lukete" baina fabrikako lanek etxea garbitzeko uzten dion larunbat goiz horretan ezinezkoa egiten zaio hezkuntza eta etxeko lana bateratzea. Toreroak bezala, "utz nazazue bakarrik!", oihuka-tzen du.
Egunkari honetan, herenegun, Josu Montalbanek Kubari buruz egindako iruzkin batek ekarri dit gogoeta hori. Noraino Eliza Katolikoak eta Espainiako Gobernuak bat egin duten Karibeko irlarik handien eta aurreratueneko preso politikoak libra arazteko. Benetako espainolak, eskumakoak ordea, zelotan dira ekimena eurak izan ez dutelako. Atzetik pozarren sumatzen dut Rouco Varela kardinala "bere" elizaren garaipena inguruko edo kide politikoen gainetik ere, etsaiekin ere paktua eginez. Denak ere komunismotik atera eta Kuba libre bat egiteko. Kubalibrea! Niri ere gustatzen zait.
Hogei urte dira jadanik irla ikusgarri eta maitagarri horretan lehen aldiz izan nintzanetik. Lehen epealdi espezialean (ez berezian, arren!) zeunden, gosea hitza kaleratzen hasia jadanik. Denetik zen, miseriatik gehiago baina alaitasunarekin hura eta dena gainditzeko itxura ematen zuten.
30 bat urteko gizon bat auto stopez hartu nuen irla barrurantz eta hitz asko eginez 60 bat kilometro ibili. Galderak bereak ziran gehienak, ez zuen itsasertza ezagutzen, La Habanan egoteke zen, hango jendeaz galdetzen zidan, jinetero hitzaren adiera eskatu zidan. Zintzoan. Bere honako itaun hau ekarri nuen betirako: "Compay, ¿Es cierto que en la costa los cubanos se mueven por el interés? "
Denetik dago han ere, utz diezaiegun kubarrei bere harrikoa egiten!