DUELA hamar urte taberna batean idatzi nuen, ostean, eta asko zorroztu eta orraztu ondoren, egunkari honetarako lehenengo zutabea izango zena. Liburu baten azken orrialdean idatzi nuen. Hamar urteren ostean taberna zaratatsu batean nago liburu baten azkeneko orrialdean despedidea izango dena idazten. Hain iheskor dugun bizitza honetan inoiz ez dakigu zer den behin betiko. Gu ere iheskor gara; behin behinekoak.
Hasi nintzenean tarte baterako kolaborazioa izango zela pentsatu nuen. Hamarkada baten ostean, tartetxua begitandu zait. Ez dut akorduan zeintzuk izan ziren hastapeneko hitzak. Azkenak, ordea, hauexek dituzu. Memoriak kale egiten ez badit, ez dut hutsik egin. Urteotan emailari esker erreztu egin zaigu komunikazioa. Aitortu behar dut urruneko hirietan idatzi ditudala batzuk, eta aitortzen hasita, lerrootan; sekretuak galdu ditut, maitasun aitorpenak egon dira, haserreak, tristurak, pare bat min eta beldur zenbait. Urteotan, tanttaka desagertu da belaunaldi zaharra. Era beretsuan heldu da berria. Sarrionandiak zioen euskara dela gure territorio libre bakarra, eta pozik joango nintzateke libertate horretan zabalgunerik utzi badut. Etorkizuna aginduko nizuke, baina ez da esistitzen, ezereza da, norbaitek gure barneko min antigoalekoren bat baretzeko asmatu zuen lausoa. Edo agian, gu mugarri barruetan izateko sortua. Sekula ez dut jakin nor zaren eta hala eta guztiz ere, beti izan zaitut begien ondoan. Libre sentitu naiz nahi nuena idazteko. Seguru nago aurrekoak irakurriko banitu zehaztekoak izango nituzkeela. Horrelakoa naiz ni, begiak zimurturik osterantzeko begirada aurkitu nahirik beti. Duela hamar urte taberna galdu hartakoa naiz, eta gehiago ere bai. Galdu dut, eta baita irabazi ere. Ez ditut maite agurrak. Beti imajinatzen dut Antxon Latxaren ahotsean Alfonsina y el mar kantua eta tristurak harrapatzen nau. Hor egon izana eskertu nahi dizut. Orain ke bilakatuko naiz, desagertzerakoan, hondarra geldituko da zirrikituetatik. Argitzerako, berriz, lekukoa hartzeko gertu etorriko denik bada. Etorriko dira, beti. Ahal duzula, ondo bizi.