PAUL Alemanian bizi den olagarro aztia da. Ez edozein azti ez baizik eta futbol lehiaketetan zein zeini irabazi iragartzen duen olagarroa da. Españak Alemaniari irabaziko ziola iragarri omen zuen eta halaxe suertatu omen da.

Berdin iragarri omen Alemaniak Ingalaterra eta Argentinari irabaziko ziola, eta baita Serbiak galdu eginen zuela.

Alemaniako bandera daukan kutxa batean muskuilua paratzen omen diote, eta bestean Alemaniaren kontrarioarekiko beste kutxa bat beste muskuilu batekin. Paulek zein aukeratu hark irabazi.

Argentinan ez omen dute Paul batere maite, areago paella batean bukatzea ere opa omen diote.

Hau irakurtzerako jakinen da Uruguai ala Herri Beherak izanen diren Españaren kontrarioa.

Aitatu nuen aurreko batean niri futbola berdin zaidala, estetikoki ere, nahiago ditut beste kirol ba-tzuk bai mugimendu bai gorpu-tzen aldetik baina gustatzen zait jendea pozik izatea, eta jendea futbolarekin pozik baldin badago, bego.

Ai baina Españak irabazten badu jainkoek lagun gaitzatela. Munduko hoberenak izanen gara, ez futbolean bakarrik baizik eta askotan zakilaren luzeraren bidez neurtu nahi izaten den ezdakitzer horretan. Horretan ere bai, izan ere, hoberenak izanen gara denetan: edertasunean, adimenean, ekonomian, hizkuntzan, arintasunean, arkitekturan, infraestrukturetan, kultura eta abar eta abar eta abar.

Nekatu egiten du esatariek darabilten nazionalismo motz eta oldarkorrak. Arturo Perez Reverteren españolazokeria gogoratzen dit, eta oharkabean Siglo de Oro eta inperioaren garaiak ekartzen dizkit gogora. Eguzkia jartzen ez zen tokia. Ja!

Ongi etorriko litzaiguke denoi umildade ariketatxo bat. Ezin izan da baina bigarrenak gara. Ogia eta Zirkuarena topikoa da baina topikoagatik areago egia. Olagarroen jainkoek lagun diezaiotela Pauli erabaki zuzena hartzen. Ni galiziar erara jango dut gaur Iruñean, nire desirak bete ditzaten eskatuz.

Nahiago hautsia gorria baino.