klaustrofobikoa naiz. Gaizki pasatzen dut leku txiki eta itxietan. Arnasa hartu ezinik ibiltzen naiz. Berdin gertatzen zait nire inguruan jendetza izugarria pilatzen denean, deseroso senti-tzen naiz. Ahalik eta azkarren ihes egitea izaten da nire desio bakarra. Inora sartu aurretik beti begiratzen dut nondik irten naitekeen, ihesbidea bilatzen dut beti, badaezpada.
Horregatik, San Fermin egunaren bezperan Iruñeako plazan bildu zen jendetza ikusteak sentsazio ezkorrak baino ez zizkidan sortarazi. Hainbeste pertsona bata besteari bultzaka ikustean neure burua imajinatu nuen han erdian, lurrean zorabiatuta, jendetzak nire gainean salto egiten zuen bitartean. Amesgaiztoa.
Jendetzak beldurra ematen dit, are gehiago kontrolik gabekoak. Txupinazoaren irudietara begira, bederatzi egunetan Iruñean, jaiak aitzakia, zenbat gehiegikeria gertatu ahalko diren pentsatu nuen. Emakumea izanik, ezinbestean etorri zitzaizkidan gogora jai giroan emakumeek jasaten dituzten neurrigabekeriak eta erasoak. Batzuk salatzen badira ere, asko isilpean geratzen dira. Iruñeara jai giroan gozatzera joan den neska batek baino gehiagok eraman du etxera bortxaketa baten sekretua. Jaiak denetarako baimena ematen du, antza. Jaiaz gozatzen ari diren emakumeak molestatu eta gogaitzekoa, edo goizaldean ezagututako neska bortxatzekoa.
Jai giroan gertatzen dena gure pentsaera eta sinesmenen isla da, gizarte ereduaren izebergaren punta. Alkoholak azaleratu egiten du gure buruen barnean ezkutatuta dagoena. Eta gizarte honetan, geure burutxoetan ezkutatuta dago gizon bat emakume baten jabe izan daitekeela. Egunero gogorarazten digute komunikabideek, gure hitz egiteko moduek, jarrerek.
Gizarte honek hainbat ate eta leiho ireki behar ditu oraindik, airea berritu eta denok lasai arnas hartu ahal izateko. Batzuk gaizki pasatzen baitugu leku itxi eta estuetan. Klaustrofobia deitzen da gure gaitza.