Síguenos en redes sociales:

Marginaliako loreak

Maddalen Iriarte izan dut ETB-1eko aurkezle gustokoenen artean, betidanik. Bereziak zituen begiak eta harreta deitu zidan batek daki noiz. Baina, ekinez eta ondo eginez, bere estiloak komen-tzitu nindun gerora. Eta gaur arte.

Harriduraz hartu nuen gaztelerazko katera egin zuen jauzia -jausi egin ote zen eta bertan agertu?- eta, egia esan, ez dakit erabakia bere barrenetik atera ala goitik jausia izan zen. Berdin dio, egia esan, atzera ere euskaldunon mundura bueltatu baitzaigu donostiarra. Halere, argi gera bedi, ulergarriak dira eta errespetu osoa merezi dute profesionalek, motibazio bila, egiten dituzten harat-honat guztiak; ondo zein txarto atera.

Urtaroak zelan, aldaketak ere bata bestearen atzetik joan ohi dira. Denboraren eragina. Horixe baita denbora: "Gauzak gertatzen eta izakiak aldatzen diren bitarte mugagabea" (Harluxet dixit). Iriartek ogibidean izan duen azken aldaketa harriduraz ez (iragarritako heriotza baten kronika asko espero bait zitezkeen), penaz jaso nuen. Euskaldunon gizartean albisteak jasotzeko estilo propio horrek bazuen itzal handia. Aitziber Fernandezen lana txalo-tzekoa da, baina horretarako Iriarte Marginaliako Errepublikara bultzatzea arbuiagarria. Ez da edozelako leku aldaketa egin diotena: albistegitik arratsaldeko ordu galdu batetako programa probeta batetara mugitzea. A, bai, Azpimarra.

Saioa urtarrilaren 25ean estreinatu zuten. Laburra izateaz gain arina da ikusteko. Iriartek gaiak ondo jorratu eta behin behineko kolaboratzaileak begi onarekin aukeratzen ditu -salbuespenak salbuespen-. Bereziki azpimarragarria da saioan entzun daitezkeen iritzi desberdinak eta adibide zehatz bat jarriko dut: Mikel Bujanda. Nafarroan jazarria den Euskal Herria irratiako zuzendaria. Ez du, oraindik, Iriartek, tertuliakide eraman baina tartea eman dio saioan. Denetariko ahotsak, horixe da EITBk harrotasunez saltzen duena eta, gehiegitan, antzematen zaila dena. Bada, Marginaliako Errepublikara bidaliak izan direnek -paradoxa-loreak erein dituzte. Marginaliako loreak.