Ustekabeak
EGUNEROKO bizimodua apur-tzen digu noizbehinka ustekabeak. Egunerokoa gorrotatzen dugula esaten da askotan baina iruditzen zait nahiago dugula beti egunero gertatzen zaizkigun ergelkeria hutsalak gozatu edo pairatu bat-bateko ezusteak baino. Batez ere ezusteko horiek ondorio negatiboak dakarzkigutenean. Loteria irabaztea, adibidez, ezusteko izan daiteke baina pozik onartuko genuke guztiok. Baten batek esango du loteria irabazteak arazo berriak sortzen dituela. Ez dakit. Ez dut esperientziarik. Kontatuko dizuet gertatzen bazait. Gainera loteria irabaztea ez litzateke ustekabe hutsa izango, guztion buruetan baitago posibilitate hori, posibilitate urruna, ametsezkoa nahi baduzue, ados, baina posibilitatea azken finean.
Eta hortxe dago gakoa nire ustez: geure buruetan ustekabe balizkoen zerrenda dugu egina badaezpada, geure buruak prestaturik ditugu zoritxarrak hobeto onartu ahal izateko, defentsa mekanismo hutsa, psikologoek esaten duten moduan.
Ustekabe desatseginen zerrenda izugarri bat dugu gogoaren zoko ilun batean: anaiak auto istripu bat izan ahal du, gaixotasun larria aurkitu ahal digu medikuak, ama hil daiteke, bikotekideak abandonatu, kartzelara joan? Normalean ez dugu gehiegi pentsatu nahi, askotan ez zaigu buruan sartzen eta, dena den, pentsatu arren, beti izango da ustekabea. Sinestezina. Ez nuen uste. Ez nuke inoiz pentsatuko.
Irakurri nuen behin gizon bati erori zitzaiola teila bat buruan etxetik ateratzean. Ustekabeak aztoratu zuen gizona hainbeste ezen, sendatu bezain laster, familia eta lana utzi, hiritik alde egin eta bizimodua errotik aldatu nahi izan zuela, ezuste hori bere bizitzan integratu ahal izateko.
Urte batzuk geroago garai zaharretatik gordetzen zuen lagun bakarrak galdetu zion: "Hiri berria bai, baina orain antzeko lana duzu, an-tzeko emaztea, antzeko seme-alabak, antzeko bizimodua, zertan aldatu duzu, bada?" Gizonak erantzun zion: "Orain badakit teila batek hil ahal nauela eta horrekin bizi-tzen ikasi dut". Zorigaitz guztiak bizi behar ditugu haiekin bizitzen ikasteko? Mila bizitza beharko genuke. Zerrenda izugarria egiten segituko dut.