Emeritus Maximus itzuliko da, seguraski. Apurka-apurka eta oin-puntetan, baina itzuliko da. Azken finean, adituen arabera, ez dauka kausarik Espainian. Espainian ez. Baina, Portugalen? 1956ko martxoaren 29a egun normal samarra izan zen Estorilen, erbestean zegoen familia erreal batarentzat. Seme gazteenaren ustekabeko heriotza kenduta, noski. Goizean, familia mezara joan zen eta gero Alfonsitok golf lehiaketa bat irabazi zuen. Arratsaldean, mezara berriro (Ostegun Santua zen eta), eta etxera, afaltzera. Eta, Alfonsoren kasuan, hiltzera. Gertaeraren bertsio bi daude: Alfonsoren anaia Juan Carlosek pistola bat manipulatzen ari zen, baina Juancak kargatuta zegoela ez zekien, dirudienez, eta bang! Bigarren bertsioak (eta azkenean Espainiako agintariek aditzera eman zutena) gertaria istriputzat jo zuen 14 urteko mutila pistola aztertzen ari zen, zerbait txarto egin zuen, et arma berak bakarrik tiro egin zuen. Ezbeharra. Istripua. Istripu horrek Europako nobleziaren inguruan mila aldiz errepikatzen zen olerkia sortu zuen - Two little royals, playing with a gun - it went off by accident, and then there was one-. Bueno, ez, olerki hori ez zuen sortu, eta olerkia ez zuten mila aldiz errepikatu ere ez, baina gustatzen zait, eta beraz han utziko dut, zer egingo diogu... Istripua? Baliteke. Edo JC-ek Ingalaterrako Ricardo III.aren sindromea pairatzen zuen? Ez dakigu. Portugaldarrek heriotza ez zuten inoiz ikertu, Salazar presidenteren eta Francoren adiskidetasunagatik. Omertà osoa. Espainiako Estatuak xehetasun ilunenak isilarazi zituen. Bai horixe - adibidez, ia 68 urte geroago, oraindik ez dakigu golf lehiaketan bigarrena geratu zenari garaikurra eman zioten ala ez. Baina orain Salazar hil dago, eta Franco ere. Noiz ikertuko dute? Eta zer esan luke Agatha Christieren Hercule Poirotek heriotza misteriotsu honi buruz? Nom d’un nom d’un nom, Hastings! Zelula grisak erabili behar dituzu, mon ami! Hau ez zen istripua, ez. This was murder, Hastings. Murder most foul.