Ezin da ekimen-etenean egon, jan egingo gaituzte bestela. Vianako Printzearen armarrian idatzitako "Utrimque roditur" gaur egungo egoeraren adierazgarri aurreratua besterik ez da: herri bat, bi aldetik etengabe hortzikatua. Bi estatu indartsu, hiru administraziotan banaturik, libre bizi nahi duten herritarrei etengabe erasoan, Europako (balizko) Batasunean.
Iparraldeko euskaldunek Departamendu propioa ezin lorturik eta hizkuntzari egindako gutxietsiak gainditu ezinik, Nafarroa Garaiko politika atzerakoien atzaparretik irteera ezin aurkiturik eta, hiruko Komunitate Autonomoan, hogeita hamar urtetako "koogobernu transbersalaren" ondorioz, euskarak irabazitako apurrei bi urtetan emandako astindu bortitzei ezin eutsirik; horrela gaude, egonean.
Franko-espainiarrek gure herria okupatu eta gure lanaren errenta beretu ondoren, identitate euskalduna erabat ezabatzeko erasoan datoz. Segur aski, konkistaren ondotik egindako ahalegin indartsu eta bortitzenean. Agian, geure-geureak izan ez arren, hemengo Erakundeetan gehiengoa eskuratu-berreskuratuko dugu eta agindu ahal izango dugula amets egingo dugu; baina, orain arte baino modu tinko eta eraginkorragoan gauzak lotzen ez baditugu, hutsaren hurrengoaren pare geldituko gara berriro. Nazioa izan bagara, euskararen lurralde osoa batuko duen estatu propioa eta Europan homologatua izango dena egin behar dugu, egunerokoan, horretan sinesten dugunok etengabe, euskal kultura ezin da treguan egon eta.