Jaietako egitarau ofizialean erromeria, domekarik domekara egunero, arrastiko 8etan hasteko ordua iragarrita egon da. Aurton, ostera, erromeria, hiru egunetan gitxienez, iragarritako ordurik sano gora hasi da. Belu. Bateko, eguenean eta barikuan aurreko jantza erakustaldia beraren ordutik kanpo amaitu zan sano, erromeriari, egun bakotxean, ia ordu erdi kenduta. Ordua ordu, txo! Hori ez eze, barikuan bertan be, ohiko amaiera ordutik, gaueko 10etan, baino ordu erdi lehenago amaitu zan, flamenko kitarrajoleak probak egin behar ebazala-eta. Bertan begira egon gintzazan plaza-jantzariok eskuak bete euli itzita, ze inork be ez euskun murtik esan edo iragarri haren ganeko. Baia besteko, ganorabakokerietan gorenik bada, azken domekan be, hasikerako ordu erdian ez zan bape musikaririk agiri, jantzarien artean borondate oneko txistulari batek musikaririk ezearen lekua bete artean, ordainduta egon barik, jakina.

Baia hau guztiau ez da gaur goizeko ogia, atzoko ogi gogorra baino, ze bai igaz baita igazlehenean be antzeko ganorabakokeria bizi behar izan genduan bertaratutako erromeriazaleok. Zaharrak barri.

Euskal erromeria jaietako Mari-errauskiñe bihurtu da, aurki. Ez dau aspaldian ondo funzionetan. Eta hor eratzaileen itzikeria, ardurabakokeria eta ganorabakokeria, azken baten, agirikoak dira sano. Jaietako batzordekoeri eskatu gura deutset, neure eta erromeriazale askoren izenean, datozan urteetan erromeria eratzeko ardurea erromeriazaleonganako ardura eta begirunerik txikerrena erakutsiko deuskuezan beste eratzaile batzuen eskuetan iztea, arren.