Joaquín Caparrosek sarritan erabilitako esaldi bigaz hasi gura dot gaurko hausnarketea. Berak zuzendutako taldearen ikusgarritasun bako jokoaren ganean itaunduta, “sailkapena, lagun” erantzuten eban. Horregaz batera, egin biribila esan eban partidu baten ostean, futbolean zerutik infernura egun batetik bestera pasatzen dala bota ebanean. Egiari zor, beste berba batzuk, zehatzagoak, erabili ebazan baina mezua horixe izan zan. Athletic jaisteko postuetako amildegira hurreratu zan Sanchez Pizjuanen galduta. Alarma guztiak biztu eta presidenteak berak esan eban taldearen lehentasuna 42 punto lehenbailehen lortu eta maileari eustea zala. Ligako hiru jardunaldi beranduago, Ernesto Valverderen taldeak hamar puntura ditu jaisteko postuak eta hirura bakarrik Europan jokatzeko aukerea emoten dauen seigarren postua, azken hiru jardunaldietan bederatzi puntu eskuratu ostean. Bateren batek meritoa kenduko deutse Levante, Oviedo eta Elcheren aurka lortutako garaipenei, igo barriak eta maila eskaseko aurkariak dirala argudiatuta. Ez dira, ez, lehen mailako talderik indartsuenak baina irabazi egin behar jake. Itaundu bestela, Realari, Anoetan galtzeko zorian egon zan-eta Oviedoren aurka. Edo Sadarren galtzaile izan zan Real Madridi. Ligako azken hiru partiduak aztertuta, Athleticek maila ona erakutsi dau etxeko lehia bietan, aurkariak goitik behera menderatuta. Hori bai, zuri-gorriek hainbat aukera sortu behar ditue gol bat sartzeko. Zaharrak barri. Egia da, Valverderen taldeak maila makala emon ebala Tartieren jokatutako partiduaren lehen zatian. Bigarrenean, baina, irauli egin eban markagailua.

Kontuak kontu, liga amaitzeko hamahiru jardunaldi geratzen diranean Athletic sailkapeneko goialdera begiratzen dago eta zabal zabalik ditu Europarako ateak. Horregaz batera, kopako finalerako sailkatzeko lehiatuko da datorren eguaztenean Donostian. Txapeldunen Ligaren lehen faseko azken jardunaldira arte hurrengo kanporaketarako sailkatzeko aukerak euki ebazala kontuan izanda, egokia litzateke esatea zuri-gorriak denporaldi makala egiten dabilzala? Odolagaz sinatuko neuke datorren denporaldian be holan egotea sasoi honetan. Ez dot ukatuko taldearen jokoa eta sendotasuna aurreko urtean baino makalagoa ari dala izaten. Ez dogu ahaztu, behar, baina, taldeko izar bien errendimenduak ez daukala zerikusirik igaz emon ebenagaz. Nico Williams eta Oihan Sanceten ekarpena barik zuri-gorrien erasorako baliabideak nabarmen murriztuten dira.

Azken asteetan sarritan entzun dot -askotan hobeto esateko- Valverde kendu egin behar dala, ez dala entrenatzaile egokia Athletic zuzentzeko. Ze arin ahaztuten jaku Txingurrik egindakoa, eta gauzak okertzen diranean -Txapeldunen Ligako zortzi partidu eta kopako beste lau jokatu izanaren kalteak ordainduta- ez deutsogu gitxieneko kreditua be emoten. Luis Prietori be azala kendu deutse -ezjakintasunetik- taldeak igazko indarrik ez daukala argudiatuta. Athleticeko prestatzaile fisikoak ez dau ezer aldatu, ezebez, igaz erabilitako plangintzatik, entrenatzaileak, argi eta garbi, holan aginduta. Bereziak garala esatea ez da nahikoa, erakutsi egin behar da, gauzak ondo doazenean eta, tarteka, okertzen diranean. Athleticek ezin dau Erromako zirkuaren itxurea hartu.

Athletic bizirik heldu da estropadearen azken txanpara eta seguru nago gorakadea igarriko dogula taldearen errendimenduan, datorren eguazteneko kopako finalaurrekoetako itzulerako partidutik hasita. Horretarako, baina, eskertzekoa litzateke orain arte lesino kontuekaz eukitako suerte txarra atzean iztea. Talde honek erakutsi dau zer egiteko gauza dan.