Futbola, futbola da –esaten eban Vujadin Boskov entrenatzaileak– eta edozer jazo daiteke partidu baten. Bayernek eta Manchester Unitedek jokatutako Txapeldunen Ligako finala datozt gogora. Athletic eta Betisen arteko partiduan gertatutakoak azalpen gatxa dauka eta garbi erakusten dau estatistikek ez dabela gauza handirako balio, golena ez bada. Ernesto Valverderen taldeak erakustaldia emon eban lehenengo zatian –aspaldion San Mamesen ikusi dogun futbol ikusgarriena eta biziena eskeini euskun Athleticek– eta Betis baino gehiago izan zan arlo guztietan, baten izan ezik: gol kopuruan. Bigarren zatian zuri-gorriek kolpe gogorra jaso eben Fornallsek Betisen gola sartu ebanean. Berenguerren zelairatzeak berbiztu egin eban etxeko taldearen erasoko jokoa eta bardinketaren gola sartu ostean beste hiru lau aukera garbi –oso garbi– euki ebezan bigarrena sartu –Iñaki Williams, Gorosabel eta Herrera bi bider hurre ibili ziran– eta garaipena eskuratzeko. Futbola ez zan justua izan domekan Athleticegaz. Zuri-gorrien joko erakustaldiak sari urria jaso eban bitartean, Betisek puntu bat eroan eban ia partidu osoan menderatuta egon arren.

Athleticeko entrenatzaileak goraipatu egin eban bere taldeak jokatutako partidua eta lasai agertu zan hiru puntuak lortu ez arren. “Holan jokatuta partidu asko irabaziko doguz” esan eban. Normala da entrenatzailea pozik eta lasai agertzea, Iñaki Williamsek, Pradosek eta enparauek emondako erakustaldiagaz. Bien bitartean, ganera, Betis hurreratu be ez zan egin Julen Agirrezabalaren atean. Nahikoa eukien zuri-gorrien zaparradeari eusteagaz. Edozelan be, ezin dot ukatu apur bat hasarre urten nebala Katedraletik, Athleticek puntu asko itxi dituelako bidean liga txapelketearen hasierako hamabi partiduetan. Eta halanda be, sailkapeneko goialdean dago. Lau puntu bakarrik eskuratu dabez zuri-gorriek Atletico de Madrid, Sevilla, Girona, Mallorca eta Betisen aurka, askoz gehiago merezidu arren. Baina meritoek ez dabe punturik emoten eta barriro dinot, Athleticek puntu lar itxi ditu bide bazterrean eskuratu barik. Kontuak kontu, azken emaitzeari hainbesteko garrantzirik emon barik, geratu gaitezan Valverderen mutilak egindako partidu bikainagaz. San Mamesen egon ginanok gozamen ederra hartu genduan, lehen zatian batez be.

Ernesto Valverderentzat ez da erraza izan behar hamaikakoa osatzea. Alex Berenguerrena da, entrenatzailearen zorioneko burukominen adibiderik garbiena. Williams anaiak eta Sancet jokatzeko moduan egonda, ordezkoen aulkitik ikusi behar ditu partiduak, bigarren zatian Valverdek zelairatzeko erabagia hartzen dauen arte. Halanda be, nafarra seigarren dago minutu gehien jokatu dabenen zerrendan, Sancet edota Nico Williamsen aurretik, eta joko bikaina egiten dabil. Zelai erdiko bikoteari jagokonez, Mikel Jauregizar indartsu sartu bada be, Beñat Pradosek ondo baino hobeto baliatu eban Valverdek Betisen aurka emondako aukerea. Erdilari nafarrak lan itzela egin eban. Alvaro Djalok berak be, orain arteko minuturik onenak eskeini ebazan domekako partiduaren lehenengo zatian. Esan beharrik ez dago hamaikakoan sartzeko hain lehia gogorra egotea barri oso ona dala Athleticentzat, are gehiago lau lehiaketari aurre egin beharko deutsola kontuan izanda. Etxetik kanpo jokatuko dauz hurrengo partidu biak Valverderen taldeak Ludogorets eta Valladoliden zelaietan. Ikusitakoa ikusita, baikor egoteko arrazoiak daukaguz. l