Aldaketa gitxi ekarri dabez Eusko Label Ligako azken jardunaldi biek. Astegoien gazi-gozoa izan da liderrarentzat. Denporaldiko bederatzigarren garaipena eskuratu eban zapatuan Castron, sailkapen nagusiko bigarrenari, Zierbenari, beste puntu biko aldea kenduta ganera. Domekan, ostera, urteko emaitzarik txarrena lortu eben Zabalaren mutilek, ohorezko txandan bigarren sailkatu arren, sailkapen nagusiko bosgarren posturaino jausi ziran-eta aurreko txandako hiru ontziren denporak hobetu ezinda. Ondorioz, hiru puntu jan eutsazan Zierbenak Eusko Label Ligearen sailkapen nagusian. Halanda be, Bermeoko traineruak ondo bideratuta dauka garaipena, zortzi estropada geratzen diranean hamar puntuko aldea kentzen deutso-eta bigarren sailkatuari. Deigarria izan zan domekan Iker Zabalak Orioko estropadan egin eban aldaketea. Iñaki Goikoetxea lekeitiarra ipini eban baborreko hankeko lanetan. Azken denporaldi bietan, Yeray Cayon santurtziarra eta Diego Perez galiziarra aritu izan dira leku horretan. Taberok badaki ontziaren erritmoa markatzen baina aspaldian ez dogu ikusi traineruaren atzeko aldean, aurrekoan baino, seigarren edo bosgarren tostan. Zeozer bilatuko eban Iker Zabalak saio horregaz. Kontuak kontu, ez dot uste Orion lortutako emaitza txarrak eragin negatiborik eukiko dauenik Bermeo-Urdaibairen ibilbide arrakastatsuan.

Zierbenak kolpe gogorra jaso eban domekan Orion. Banderak eskuratzea oso garesti dago eta galipoek esku eskuan euki eben denporaldiko hirugarrena. Normalean, edo gehienetan behintzat, hirugarren txandea irabazten dauen traineruak eskuratzen dau banderea. Orion, baina, ipar ekialdeko haizea indartu egin zan hirugarren txandarako eta galipoei azken txanpan egin eutsen ihes garaipenak, ezin izan ebelako Hondarribiak aurreko txandan egindako denporea hobetu. Arraunketa itsasoan jokatzen da eta horrelakoak gertatu egiten dira, zorionez ganera. Ez da lehenengo aldia izango eta ezta azkenengoa be. Nabarmentzekoa baita, Dani Perez entrenatzaileak baborreko hankeko postuan egindako aldaketea. Carlos Palazuelos beteranoa –betiko titularra- seigarren tostara eroan eta Peio Lopez, hemeretzi urteko harrobiko gaztea ipini eban traineruko posturik garrantzitsuenetakoan.

Denporaldiko astegoienik oparoena izan da Isuntzarentzat. Castron eta Orion lortutako puntu uzta bikainari esker, sailkapen nagusiko zazpigarren postua kendu deutso Ondarroari. Zelan gertatzen diran gauzak: zapatuan bigarren txandea irabazi eben lekeitiarrek Hondarribia, Getaria eta Ondarroaren aurretik eta bosgarren geratu ziran azken sailkapenean. Domekan, ostera, hirugarren postuan helmugaratu arren laugarren lekua eskuratu eben, Urdaibai eta Donostiarraren aurretik besteak beste. Hamaikagarren postuarekiko 23 puntuko aldeagaz ekin eutson Lekittarrak astegoienari eta 36koa dauka orain. Urteko helburu nagusia beteta, Kontxarako sailkatzeko estropadea ondo prestatzeko ordua da.

Ondarroak denporaldiko emaitzarik txarrena lortu eben zapatuan Castron eta lehen txandan egin behar izan eban arraunean domekan. Bezperako arantzea kendu eta nagusitasun handia erakutsita menderatu ebezan aurkariak domekan. Segundu bakar batera geratu ziran laugarren postutik. Pozgarria da hamazortzi urteko harrobiko mutil gazte bat, Markel Kaltzakorta, Antiguako Amaren babor aldeko lehenengo tostan ikustea Eneko Azkarate beteranoaren alboan.

Astegoien ona Kaikurentzat. Promozino postuarekiko 14 puntuko aldeagaz ekin eutson Castroko estropadeari eta 19koagaz amaitu dau Oriokoa.