nahi baino goizago amaitu jako denporaldia Athletici. Bost jardunaldi geratzen dira liga txapelketea amaitzeko, eta ezusteko handiren bat gertatu ezean, bosgarren postuari eustea izango da zuri-gorrien helburu bakarra. Izan be, Valverderen taldea Txapeldunen Ligarako sailkatzeko ia aukera barik geratu da azken jardunaldian Metropolitanon galdu ostean. Partidu erabakigarria zan, benetako finala, baina Athleticek ez eban bere mailarik onena emon. Ondorioz, datorren denporaldian Europako talde indartsuenen aurka lehiatzeko ametsa ezerezean geratu da zuri-gorrientzako.

Athletic zaleok itxaropentsu begiratzen geuntson zapatuko partiduari. Izan be, Valverderen taldea garaile izan zan denporaldia honetan Atletico de Madriden aurka jokatutako hiru partiduetan, sei gol sartu eta bakar bat bez jasota. Estadistika horrek, aurten arteko datu txarrak ahaztarazi euskuzan. Zapatuan, baina, barriro ikusi genduan oso gatxa dala Atletico de Madridi irabaztea bere estadioan. Helburu hori lortzeko, ezinbestekoa da mailarik onena emotea eta zapatuan Athleticeko jokalari garrantzitsuenek –Nico Williams kenduta– euren mailarik onena emotetik urrun geratu ziran. Holan ez dago Metropolitanon irabazterik.

Gabarra egunean, Athleticek kopa txapelketea irabazi izana ospatzen gengozala, lagun kazetari batek esan eustan ia zenbat puntu eskuratuko ebazan Valverderen taldeak ligea amaitu bitarteko partiduetan. Denporaldia amaitutzat joten eban berak. Nik, ostera, erantzun neutson uste nebala zuri-gorriak Txapeldunen Ligarako sailkapena lortzeko borrokan egongo zirala azken jardunaldira arte. Garbi geratu da nork asmatu dauen. Izan be, Athleticek ez dau garaipenik lortu La Cartujan Mallorcan menderatu ebanetik. Bardinketa bi Vila-real eta Granadaren aurka, eta porrota Metropolitanon. Puntu bi hiru jardunalditan, ahaztu barik finala jokatu aurreko partidua be galdu egin ebala Santiago Bernabeun. Esan beharrik ez dago, uzta makala dala Europako txapelketa garrantzitsuena jokatzeko sailkapena lortu gura dauen talde batentzat. Girona sailkapeneko lehen lau postuetatik kanpo geratuko zala be iragarri neban eta bigarren postua eskuratzeko lehian dabil.

Nico Williamsek Metropolitanon entzundako irain arrazistek hauts asko harrotu dabe. Pentsa lei, batzuk ezustekoan harrapau dituela Atletico de Madriden estadioan horrelakoak gertatzea, Frente Atleticok eta enparauek daukien curriculuma ikusita. Ernesto Valverdek partidua amaitu osteko prentsaurrekoan esan eban legez, arazoa zabalagoa da. Edukazino kontua da. Arbitroak eten egiten dau partidua jokalariren batek irain arrazistak entzuten badauz. Beste irain guztiak onartuta dagoz, antza. Athleticeko entrenatzaileak esan eban lez, sekulakoak entzun behar izaten ditu bere taldeak etxetik kanpo jokatzen dauenean aulkiaren atzeko aldean dagozan zaleen ahotik. Eta zer esanik bez, euskal taldeetako jokalariek, euskaldunak izatearren bakarrik. Carlos Gurpegik be kurutzebidea igaro behar izan eban Ligako hainbat estadiotan. Astegoienero irain ugari entzuten dira futbol zelai guztietan, arbitroari zuzendutakoak gehienak. Futbolaren alde ilunak dira baina pentsa lei erdi-onartuta dagozala. Normala da. Sarrera ordaintzen dauenak eskubide osoa dauka edozer esateko, eta ez litzateke holan izan behar. Behingoz, klubek, federazinoek eta erakundeek bat egin behar dabe arazo endemiko honeri aurre egiteko.