DENPORALDIKO partidurik makalenetakoa –makalena izan ez bada– jokatu eban Athleticek Balaidosen. Agian, kopako garaipen ederraren biharamona. Hiru egun lehenago Mestallan partidu bikaina jokatu ostean, Ernesto Valverderen taldea galduta eta ezinean ibili zan Celtaren aurkako norgehiagokan, bigarren zatian batez be. Bost jardunaldi kateatu dabez zuri-gorriek irabazi barik Liga txapelketan, gol bi bakarrik sartuta ganera. Betis, Osasuna edota Real Madriden aurkako partiduetako sentsazinoak onak izan baziran be, Celtaren aurkakoan ikusitakoak zalantzaz bete gaitu. Esan beharrik ez dago, errendimendu honegaz barregurea eragiten dauela Europa aitatzeak be. Ernesto Valverdek ez dau lortu bere taldea fidagarria izatea. Gora-behera gehiegi ditu gauza onerako. Hori bai, talde honek erakutsi dau gauza politak egiteko gauza dala. Egun batetik bestera ezin dau sinesgarritasun guztia galdu. Beraz, liga txapelketea amaitzeko hemeretzi jardunaldi geratzen diranean, ez gaitezen mezu apokaliptikoak zabaltzen hasi.

Partiduko hogeigarren segundorako zulatu eban Celtak Unai Simonen atea. Ez zan seinale ona izan, ez. Hortik aurrera, Valverderen gizonak nagusi izan ziran zelaian eta markagailuan aurreratzeko aukera garbi-garbia euki arren, Berenguerren jaurtiketea zutoinera joan zan. Baloia aurkariak baino gehiago euki arren, nagusitasun horrek ez eukan islarik markagailuan eta Celta gauza gitxi eginda hurreratzen zan Unai Simonen ate ingurura.

Bigarren zatian, lehiakideetako batek, Celtak hain zuzen, aurrerapusua emon eban garaipenaren bila joateko. Normala, sailkapenean jaisteko postuetan egonda. Kontua da, beste lehiakidea, Athletic, aurkariaren oldarraldiari erantzun beharrean, desagertu egin zala futbol zelaitik. Valverdek garbi ikusi eban bere taldea noraezean ebilela, iparra galduta, eta hiru aldaketa egin ebazan batera on-tzia hondoratu ez eiten. Entrenatzailearen maniobreak, ostera, ez eban eraginik izan zelaian zuri-gorriek iparra aurkitu ezinik segidu eben-eta, Iago Aspasen gola heldu zan arte. Gure atezainak harrikadea bota Sanceteri, honek ezin kontrolatu baloia eta zentral biek ezin geratu Celtako kapitaina. 1-0 eta etxera lelo aurpegiagaz. Ezin esan Celta zuri-gorrien ganetik pasau zanik, baina lehiakideren batek garaipena merezidu izan badau, ez da Athletic izan.

Ernesto Valverdek inork baino hobeto daki bere taldeak lehenbailehen apurtu behar dauela liga txapelketako bolada negatiboa. Premina hori zabaldu eban Celtaren aurka jokatu aurretik baina, antza, jokalariek ez eben mezua ondo ulertu, gauza gitxi egin ebelako garaipena eskura-tzeko Balaidosen. Kopako finalaurrekoetan egotea oso polita da, bai, baina eguneroko ogia ligeak emoten dau.

Osasunaren aurka jokatuko dau Athleticek Kopako finalaurrekoetan eta bueltako partidua San Mamesen izango da. Beste era batera esanda, finalerako sailkapena Katedralean erabagiko da –onerako ala txarrerako– 50.000 Athletic-zaleren aurrean. Ezin ukatu zozketearen emaitzea ezin hobea izan dala. Ez Osasuna aurkari makala dalako -gure aurretik dago sailkapenean- Bartzelona eta Real Madrid saihestu doguzalako baino. Nafarrak be pozik egongo dira. Gauza bat seguru dago: Espainiako erregeak txistuak entzun beharko dituela barriro be Kopako finalean, maitzaren 6an Sevillan.