Ezer baino lehen besarkadarik beroena Carlos Gurpegiri. Eutsi goiari! Athleticek Mestallan puntu bat irabazi ala bi galdu dituen itauntzen deutsagu hondino be geure buruari. Futbolean sarri gertatzen dan moduan, azken emai- tzak nabarmen baldintzatzen dau partiduaren ganeko balorazinoa. Garaipenak gozotu egiten dauz kritikak eta porrotak, ostera, zorroztu. Emaitzea alde batera itxita, orokorrean pozik egon gaitekez Athleticek Mestallan egindako partiduagaz.

Hasteko, ez dogu ahaztu behar aurkaria Espainiako Ligako talderik onenetarikoa dala. Valentzia Txapeldunen Liga jokatzen dabil eta estadistikeari begiratuta, Athleticek behin bakarrik irabazi dau Mestallan azken hogeitahiru denporaldietan.

Marcelo Bielsak esan eban Valentziaren aurkako partidua erronka garrantzitsua zala bere taldearentzat. Orokorrean esan daiteke zuri-gorriek gainditu egin dabela azterketea. Orokorrean dinot, hondino be zer hobetu asko daukalako taldeak. Gauza bat ukaezina da: Athleticek garaipenaren bila urteten dau partidu eta zelai guztietan eta futbolean jokatzen ahalegintzen da aurkaria Valentzia zein Malaga izanda. Ideiak argi euki arren, zelai ganean gauzak ondo egitea beste kontu bat da. Aurrera begira taldeak gol aukera ugari eta garbiak sortu arren, gol gitxi sartzen dauz. Aukera gehiegi huts egiten dira. Hutsune nabarmenena, baina, defenditzeko orduan dator.

Tarteka, argia amatau egiten da eta Iraizozen atean gol egiteko aukerak oso merke saltzen dira. Are gehiago zati bietako lehen minutuetan. Gauza bategaitik ala besteagaitik, kontua da Athleticek ez dauela bere atea hutsean itxi Liga txapelketako zortzi jardunaldietan. Datu bat baino ez da, bai, baina hortxe dago eta ondo azter- tzea merezi dau.

Alde honetatik, Gorka Iraizozek autokritika apur bat egin beharko leuke. Mestallan lehen zatia amai- tzear egoala egin eban hutsa onartuezina da lehen mailako atezain batentzat. Eta ez da lehenengo aldia.

Aitortu behar dot Mestallako partidua amaitu eta minutu gitxira Iker Muniainen kontratuaren ganeko zehaztasunak begiratzera jo nebala. Izan be, holan jokatzen jarraitu ezkero Ibaiganeko telefonoak sutan hasiko dira. Hasita ez badagoz. Zorionez, Txantreako jokalariak 2015 urteko ekainaren 30erarteko kontratua sinatu eban Athleticegaz orain dala urte bi. Kontratu hori apurtu eta talderen batek Iker Muniain fitxau gurako baleu 36-45 milioi bitarteko etete klausulea ordaindu beharko leuke. Egia esateko ez dakit lasai egoteko moduan gagozan.

Muniain bezalako jokalari gitxi dagoz gaur egun Europa mailan eta balizko erosleak asko dira. Orain arteko partidurik biribilena egin ez arren, jokalari nafarrak sekulako gola asmau eban Athletic gehien sufriduten egoanean. Azken minutuan, ostera, garaipenaren gola sartzeko aukerea alperrik galdu eban. Egunetik egunera hobetuz doa eta zorionez, hondino Muniainen onena ikusteko gagoz. Zuri-gorriz jantzita izan daitela.

Athleticek lau partidu jokatuko dauz hamar egunetan. Atletico Madrilen aurka hasi etzi eta Bar- tzelonaren aurka amaitu zemendiaren 6an. Carlos Gurpegi lesionau egin da eta Fernando Llorentek arazoak daukaz ezker belaunean. Aurrelariaren kasuan, tendinitis baten bilakaerea aurretiaz iragarri ezina da.

Iñigo Ruiz de Galarretak be lesionaurik amaitu eban Sanseren aurkako partidua. Plantilea ondo kudeatzeko ordua heldu jako Bielsari. Amaitzeko, zer gertatzen da, non dagoz, Ocio eta Castillo? Noizko errekuperauko dira?