Síguenos en redes sociales:

Erredakziotik

Sara Cortés

Zuzendariordea - Subdirectora

Hitzik ezean, begiradak

Joan den astelehenean, Guggenheim Bilbao museoan ‘Hitz Sariak – Premios Palabra’ ekitaldiaren bigarren edizioa ospatu zen. Hitzaren indarra eta gure komunitatearen balioak omentzeko jaialdia izan zen. Sustraiak, unibertsaltasuna, ahalegina eta eragina bezalako baloreak irudikatzen dituzten ibilbideak aitortu ziren sari hauekin. Sustraiak atalean, Kepa Junkerak jaso zuen saria. Une hunkigarri batean, lehen Kepak bere kantuekin hitz egiten zuela eta orain bere begiekin eta bihotzarekin egiten duela esan zen. Eta egia da: nik neuk egiaztatu nuen hori. Kepa Junkerak gure herriko musikagile, konpositore eta ekoizle ezagunak, 2018an, Belgikan egindako bira batean iktus bat izan zuen eta ordutik hitz egiteko gaitasuna galdu du. Hala ere, bere begiradak eta irribarreak bere alde hitz egiten jarraitzen dute eta sekulako indarra transmititzen du. Ekitaldian, harengana hurbildu nintzen pasadizo zahar bat kontatzera. Nire kazetaritza ibilbidea Bilbon hasi zen, ‘Gestión 2-17’ izeneko egunkari ekonomiko batean. 21 urte nituela, prentsaurreko batera bidali ninduten. Ez nekien zertara nindoan, korrika joateko agindu zidaten eta. Nire harridurarako, prentsaurrekoaren ostean, Kepa Junkerak kontzertua eskaini zuen. Hura izan zen nire lehen prentsaurrekoa eta, egia esan, zoragarria izan zen. Beti gustatu izan zait Keparen musika eta garai hartan soinu banda ere bazen nire bizitzan. Nire istorioa entzutean, eskua estutu zidan, eta esker ona ikusi nion begietan. Eskerrik asko, Kepa! Zure hitzik gabeko mezuak ere poesiak dira. Plazer handia izan da berriro ere zurekin topo egitea.