GAUR urte bete Joseba Arregi hil zela. 80garren hamarkadan ezagutu nuen Joseba Arregi, bera Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako lehen Idazkari Orokorra zenean, eta ni EAJko euskara batzordeko kidea. EAJko apurketaren garaian bera kritikoen taldekoa zen eta ni EAJko Aberri Batzarreko lehendakaria. Alderdiaren egoerari buruz hitzegiteko Donostiako bere Groseko etxean elkartu ginen bilera luze batean eta bertan argi izan nuen Josebak, kritikoa izan arren, ez zuela Alderditik alde egingo. Ardantza lehendakariarekin Kultura Sailburu eta bozeramaile zegoenean, 1992-1995 sasoian, berarekin Kultura Sailburuorde izan nintzen. Harrezkero, eta bere heriotzara arte, sarritan elkartu gara.

Joseba Arregiren lau ezaugarri azpimarratu nahiko nituzke:

Joseba euskaltzalea

Euskarak garrantzi handia zuen familia bateko kidea zen eta, bere bizitzan zehar, Ian garrantzitsua egin zuen euskararen normalizazioaren alde. Hasieran, Hizkuntza Politikako Idazkari Nagusiaren erantzukizuna hartuz eta Idazkaritza bera garatuz eta gero, Kultura Sailburu bezela, besteak beste, helduen euskalduntzearen erronkari eta HABE ekimena zela medio, era egokian erantzunez.

Joseba, kultura munduko gizona

Joseba gizon jantzia eta kultoa zen. Formazio handikoa, goi mailako intelektuala. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburu bezela Ian handia egin zuen. Agian, bere lanik ezagunena Guggenheim Museoa Bilbora ekartzea izan zen, noiz eta 90garren hamarkadaren hasieran, horren alde lanean ari zenean, hainbat aurkako iritzi eta jarrerei aurre egin behar izan bazien ere. Gaur egun horren distiratsu eta arrakastaz betea den Guggenheim Bilbao Museoak ez zuen sorrera erraz bat izan. Alde batetik, euskal erakundeen interesak defenditzeko Guggenheim Fundazioarekin bideratu beharreko negoziazio zailak zeuden eta, bestetik, hainbat kultur eragileren jarrera aurkakoa zen. Baina, Guggenheim museoaz gain, kulturaren beste arlo ezberdinetan ere Ian oparoa egin zuen.

Joseba abertzalea

Josebak bihotzean zeraman Euskadi, biziki maite zuen. Familia abertzale, jeltzale batean jaioa eta hezia. Abertzaletasunarekin gazterik konprometitu zen eta horren adibide modura 1968an, 22 urtekin, Gipuzkoan Francok ezarritako Salbuespen Egoeran atxilotu zuten. Bere eginkizun politikoa EAJren eskutik gauzatu zuen, barne erantzukizunak izanez (EBB eta GBBko buruzagia) eta herri ordezkaritza ere jorratuz (Eusko Jaurlaritzako Sailburua eta Eusko Legebiltzarkidea). Josebak, abertzaletasuna berritzeko eta eguneratzeko, ekarpen sakon eta interesgarriak egin zituen. Gai horri buruz 1996garren urtean idatzi zuen Euskadi invertebrada liburuan, abertzaletasunaren ikuspegi berritzaile bat lantzen du, gizartearen atxikimendu beharrari eta gizartearen aniztasunari era egoki batetan erantzungo zion abertzaletasun baten oinarriak landuz.

Oso argigarria da, 1999an Euskadi como pasión bere liburuari idatzi zion hitzaurrea. Bertan, argi eta garbi adierazten da Euskadirako zuen grina ETAren indarkeriaz eta bere ondorio lazgarriez, bera ere jazarpen indarkeriaren biktima izan zen, gero eta gehiago urrundu zioten abertzaletasunetik eta, 2004an, EAJtik alde egin zuen. Berarentzat, ETAren indarkeriak, kutsatu eta etikoki indargabetu zuen abertzaletasuna eta horrexegatik, Josebak uste zuen abertzaletasunak aldaketa erradikala, birfundazio bat behar zuela. Gai honetaz sarritan hitzegin genuen. Ikuspegi ezberdinak izan arren, elkarrizketa ez zen inoiz eten eta beti nagusitu zen adiskidetasuna. Bere iritziei erantzunez, hauxe esaten nion sarritan: “burua, arrazoia, batzuetan zure pentsamenduarekin bat dator, baina bihotza, sentimendua, ez” eta ondorioz, berak sinaturiko liburuan eskaintza hau idatzi zidan “Mikel lagunari, bihotzaren eta buruaren artean oreka elkarrrekin aurki dezagun”.

Nire ustez Joseba beti abertzalea izan zan, beharbada Xabier Leteren era berekoa. Xabier Letek, Hermes aldizkariko 4. zenbakian (2002) Arantxa Urretabizkaiak egindako elkarrizketan zera dio. “Abertzaletasuna sortu naizen lurraldearekiko maitasun bat izango litzateke, konpromiso bat, are obsesio bat, kokatuta nagoen lurraldearekiko eta bertako jendearekiko, zerbait hobea eraikitzeko nahia, zerbait ederragaoa. Nazionalismoan

sartzen garenean, naturalago behar luketen baloreak absolizatu egiten ditugu. Horrek kezkatzen nau, nazionalismoaren eskematismo hertsi horrek. Nik uste dut, abertzaletasuna nik ulertzen dudan moduan, gaur egun ez dela kasik existitzen, bukatuta dagoela. Nazionalismoak irentsi du”.

Joseba, fede gizona

Joseba fededuna zen, kristau familia batean hezia eta bere bizitzaren oinarri bat fedea izan zen. Apaiza izandakoa, Teologian doktorea, beti bere fedean sakontzen aritu zen. Jainkoa alde batera utzi eta egun bizi garen gizarte postmoderno honekin oso kritikoa zen. Berak Jainkoaren beharra

aldarrikatzen zuen. Oraindik gogoan daukat, 2020ko Gabon egunean, El Dios perdido izenburupean idatzitako artikulua.

Azken urteetan, gaixotasunak jota zegoenean, erlijioaz eta Jainkoaz sarriago hitzegiten genuen. Elkarrekin izan genuen azken bazkari ostean, gure elizetan abesten den Gurtu daigun Jesus abestiaz hitzegin zidan. Berarentzat, abesti horren Aitarenganako epea zait bete pasartea hainbat gogoetaren sorburu zela adierazi zidan. Bere azken hilabeteetan bisitatzera joaten nintzaionean, heriotzari aurrez aur begiratzen zion gizon fededun batekin aurkitzen nintzen. Fedea lagungarri zuen bere oinazetan. Beti ikasten, liburu mardul bat ohe gainean, umore ona, solasaldirako prest eta fedez betetako gizona.

Eskerrik asko, Joseba. Betiko Argia. l

* Kultura Sailburuorde ohia (1992-1995)