HARRITURIK ikusi genituen irudiak. Italiako Marmoladako glaziarraren zati bat erori zen duela egun batzuk. Sortu zen elurroldea itzela izan zen, eta zoritxarrez hainbat lagun tragatu zituen naturaren apetak sorturiko triskantzak. Baina argi dago ez dela naturaren gogoa horren guztiaren sorburu bakarra. Klima aldaketa larria eremu geografiko guztietara heldu da, eta sekulako anomaliak sortzen ari dira merkurioari dagokionez.

Alpe mendietan, gaur egun, aintzinean ez bezala, ezin da izotzean eskalatu, harrian baino ez. Udako izotza ia ez da existitzen, eta kanal guztiak harrizko zabor-eramaile bilakatu dira, beroak harri erorketak behin eta berriz eragiten baititu.

Mendi altuetako klima ere nabarmenki ari da aldatzen, eta 8000 metrotako mendietan hotza nabaritzen bada ere, are nabariago da beroa eta bere efektuak lagatzen dituen ondorio larriak.

Harrigarria da pentsatzea, Everesteko gailurrerako bidean zabiltzala, Isiltasun Bailara deituriko II. kanpamentura arteko zatian, ia 40 gardua neur daitezkeela. Bada, hori arrunta da. Egia da eguzki-islatze bikaina sortzeko toki zinez efektiboa dela, baina 40 gradu?

Horixe da gaur egun hainbat mendilerrotan neurtzen ari diren tenperaturak. Oraingo sasoia egokiena izaten da Pakistango mendietara abiatzeko eta hango gailur altu horietariko batekin zure barruko indarrak eta eskarmentua neurtzeko. Bada, adibidez, Nanga Parbat mendian, alpinista batzuek atzera egin behar izan dute malda pikoetan urteetan agerian izan den izotzaren kalitate txarrarengatik. Izotza urtzen ari da, eta bertan loturik dauden tamaina askotako harri koskorrak misil baten moduan erortzen dira bilin-bolaka aldapa pikoetan behera, igoera errusiar erruleta joko arriskutsu, ia suizida, bilakatuz. Beroaldiaren boladak gero eta larriagoak izango dira Asiako hegoaldean, eta Pakistan edota India izango dira muturreko tenperaturak jasango dituzten herriak.

Baina Asia ez dago horren urrun, kamarada, eta hemen ere beroaren larritasunak urtuko gaitu. l