Z dut gogoan zein liburutan, istorio bat bertze baten ahotik aditzen ari den pertsonaiak xehetasunak eskatzen dizkio narratzaileari. Xehetasunak, handi eta tiki, haiek gabe kontakizuna hanka-motz eta bere ertz guztietan ezin ulertuzkoa gertatuko delakoan. "Inportanteenak xehetasunak dira", tematzen da, delako liburuko entzulea. ETAren inguruko indarkeriaren historiaren lerro nagusiak ezagunak dira oro har. Halako bahiketa, horrelako atentatua, honelako tiroketa. Xehetasunak falta ziren, ordea, zauriari oraindik darion zorneari egiazko tamaina hartzeko. Joseba Eceolazak halako mordoxka bat bildu du ETA: la memoria de los detalles liburu argitaratu berrian. Gozotik deus ez du Batzarreko parlamentari ohiak proposatu digun irakurketak. Azaleko zuri-beltzezko argazkitik beretik heldu zaigu gaztigua: Jódete! oihukatzen dio pintada batek López de Lacalleri, ETAk kazetaria hil eta biharamunean. Hilotzari listu, familiari trufa, zauri gainean piko. Zeren pistolaren zakurra sakatu edo detonagailuari eragin ziotenak ez baitziren oinazea hedatu zuten bakarrak izan. Izan zen izuari izua gehitu zionik. Izan zen modu antolatuan nahiz antolatu gabean ankerkeriari krudelkeria erantsi zionik. Sadismoaren mugak gainditzen dituzte, aise, Eceolazak bere liburuan dakartzan hainbat adibide lazgarrik. Eta ez daude denak. Bertze frankoren isiltasunak eta aunitzen epelkeriak biribildu zuen zirkulu lotsa-emangarria. Parlamentari eta zinegotzi ohiak ez dio bere buruari barkatzen: "gu, hainbertze sufrimendu eta bidegabekeriaren salatzaile, ez ginen gauza izan gure ondo-ondoan batzuk bidegabeki sufritzen ari zirenaren kontra matxinatzeko". Hori guztia, atzo goizean gertatu zen, ez Paleolitikoan. Zeinen itsusi, zeinen erreal, agertzen garen liburu honetan. l