Herritarren mahai eta gizarte foroetan, identitatea, lurraldetasuna eta kohesiorako balio amankomunak landu zituen Eusko Ikaskuntzak; eta horien lanketarako oinarri gisa ezarri ziren: Hezkuntza eta Eskola. Hezkuntzaren ekarpena oinarrizkoa dela iritzi zitzaion. Hezkuntza sistemak beste ezerk baino ahalmen handiagoa baitauka gizarte kohesioaren eraikuntzan.

Egia da hezkuntza ez dela segregazioaren aferari konponbidea emango dion elementu bakarra, baina bai hasiera. Ekainaren 4an, Eusko Ikaskuntzak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin batera antolatutako “Askotariko segregazioari nola eran- tzun hezkuntza sistematik?” izeneko foroan, Xabier Aierdik, Begirune Fundazioko presidenteak, argi esan zuen: “Benetako segregazioa klase sozialen araberakoa da”. Horren isla egunero ikusten dugu gure hirietan (batez ere), auzoak nola eratzen doazen ikusten dugunean, aisialdia leinuka egituratzen dela somatzean, adierazpen kulturalak bakartuak direnean, edota zerbitzu batzuk kontsumitzaile jakin batzuei eskaintzen zaizkienean.

Eta hau guztia, normala dirudigu. Berdinek berdinekin batzeko joera dutelako. Berdinen artean arrimu bila aritzen direlako... Baina gatozen gure zilborresteari galdetzera: zenbatek pentsatzen dugu, beste herrialde batera bizitzera joango bagina, ez ginatekeela hango gizartean integratuko?

Arazoa, klase sozialen araberakoa izateaz gain, kulturala ere ba da. Ikasi duguna. Horregatik da ezinbestekoa segregazioaren aferari Hezkuntza Sistematik bertatik oratzea. Ikastetxeak izan daitezen aniztasunaren kudeaketarako lehenbiziko gune eta aniztasunaren balioa errotzeko lehenbiziko sehaska.