USKARAK bere horretan dirau. Soziolinguistika Klusterrak egindako analisien emaitzak plazaratu dira egunotan, eta guztion barnean gordetzen dugun igoera astronomikoaren ametsa ez da hainbesterako izan. Egia da gure hizkuntzak ez duela atzera pausurik eman (edo bai?), baina erabilerari dagokionean badirudi bere horretan ere mantendu dela, eta jende guztia ez dabilela hitz eta pitz.

Orduan zer pentsatu behar dugu? Euskara gero eta gehiago erabiltzen dela, edota euskara gero eta gutxiago erabiltzen dela? Datu batzuen arabera nahiko baikor agertuko beharko ginateke, baina jarraian, kezkatzeko arrazoiak ere erraz agertuko zaizkigu.

Izan ere, egindako neurketak dio super-euskalduntzat ditugun herri batzuetan erabilerak beherazko joera hartu duela, hots, espainola gehiago erabiltzen dela. Bermeo herria etorri zait akordura. EiTBk albistea eman zuenean hara jo zuen, eta bermeotar asko gaztelania hutsean aritu ziren esanez: euskaraz egitea kosta egiten zaigu!

Eremuka aztertuz gero denetarik agertu da, baina ondorioetako bat izan daiteke itxaropenaren pizgarria: euskara gazteak hasi dira erabiltzen, belaunaldi berriak. Badirudi zenbat eta gazteago, orduan eta errazago entzuten dela euskara gure kaleetan. Atzetik datozenek bultzatuko ote dute?

Bultzada horren erantzuleak herritarrak izango dira, politikarien destaina agerikoa baita, eta ba-tzuena lotsagarria. Azkena Gasteizko alkateordearena izan da: “Ezin dut gehiago jasan EAJren turra euskararekin”.

Beste atzerapen onartezina Ipar Euskal Herrian dugu. Zuberoan eta Nafarroa Beherean euskara gaixoturik dugu, eta apenak gelditzen da hori erabiltzeko hiztunik. Eta bertan egiten diren ikasketekin zerbait grotesko egin nahi dute. Hango zikloetako azken azterketak euskaraz egiteko eskaera atzera bota du Paueko Auzitegiak. Gazteek ikasketak euskaraz burutzen dituzte, eta amaierako azterketak ezin izango dituzte euskaraz egin. Ilogikoagorik?

Euskara balizko moteltzean herrenka badabil, Hizkuntza Politikak autokritika egingo du?