Espainiak kolonizaturiko lurraldeen artekoa izan da Mendebaldeko Sahara. Hasiera-hasieratik ganorarik gabe kudeatu zuen kontua Espainiak, inguruan zituen nazioei begira eta haiekiko mendekotasuna erakusten zuela. Horiek horrela, 1975eko azaroan, Mauritania eta Maroko aitortu zituen lurralde horren administraziokide gisa, saharar herria aparte lagaz eta beraren iritzia albo batera utziz. Horrek ekarri zuen lurraldea bitan banatzea, Espainiak kolonia utzi zuenean. Mauritaniak bake-akordioa izenpetu zuen Fronte Polisarioko buruzagiekin 1979an... Eta, ondoren, Mauritaniak utzitako lurraldeak okupatu zituen Marokok, saharar herria ia lurralderik gabe utzita eta erbestera, gehienbat, Aljeriako basamortura, kondenatuta.

Kontaezinak dira Marokok saharar herria mendean har-tzeko egin dituenak, lurraldea kolonoz bete, jatorrizko herritarrak baztertu, mehatxatu eta errepresio gogorrez eraso egin baitie... Hor ere agorrak izan dira Nazio Batuen Erakundeak hartutako erabakiak, Frantziak eta AEBk Marokorekiko harremanak lehenetsi baitituzte, eremu geografiko horretan dituzten interesen mesedetan. Alabaina, nazioarteko geopolitika bazter utzirik, Espainia da gertaera guztien lehen erantzulea, bere egitekoei muzin eta saharar herriari etengabe bizkarra erakutsi diolako.

Azkenean, Maroko atera da irabazle eta egoera horretara iristeko, besteak beste, migrazio-mugimenduen oldeak sustatu eta baliatu ditu aldian-aldian... Bai eta Ceuta eta Melilla lurralde autonomoekiko aldarrikapena ere... eta Espainiak amore eman du. Nahiago izan du Frantziarekin eta AEBekin lerratu saharar herriarekin daukan aspaldiko zorra kitatu baino. Ondorioz, Espainiak ulertezina den erabakia hartu eta saharar herritarrak saldu, eta, iraganean bezala, berriz traizionatu ditu. Izan ere, jarrera-aldaketa hori saharar herritarren iritzia jakin gabe egin da, adostasunik gabe hezurmamitu da, burujabe izateko saharar herriak daukan eskubidea apaletsita, eta, hori guztia gutxi balitz bezala, lurralde horrekiko Marokoren burujabetza aitortzeaz gain, autonomia mugatua, ez besterik, iradoki-tzen du aterabide eskas eta bidegabe gisa..