OZENA erdi urte igaro dira Andoni Ortuzar EAJko presidenteak, 2016ko uztailean, hedabideei eginiko elkarrizketa batean, EAJ eta EH Bildu herri akordio handiak egiten ikusten zituela. Izan ere, herri mailako arazo nagusietan akordioak egitea, egingarria ez ezik beharrezkoa ere ikusten zuen Andonik, EH Bildurekin zein akordio horietara iristeko prest dauden guztiekin... Eta horixe da hezkuntzaren eremuan gertatu dena, askotarikoen artean akordio eredugarria hezurmamitu baita, ikaslea ardatz izanik, hezkuntza berrikuntzaren eta gizarte hau eraldatzearen norabidean jartzen ditu eta. Badira hogeita hamar urte EAEko Hezkuntza Legea onartu zela. Harrezkero, gure gizartea asko aldatu da, erronka berriak etorri eta aukera berriak agertu dira, besteak beste, hezkuntzaren esparruan. Hizkuntzen trataera eta eleaniztasuna; jaiotze-tasaren bilakaera; geroz eta askotarikoagoak diren ikasleak kontuan hartu beharra; aniztasunaren trataera; ikasleen aukera berdintasuna ahalbidetzea; maisu-maistren prestakuntza eta horien ordezkapena; materialen sorkuntza; emaitzak eta etengabeko ebaluazioa; administrazioaren eraberri-tzea... ikuskaritzari doakionez; baliabidez ongi hornitutako sare eragingarria eraikitzea; ikastetxeen autonomia eta, hezkuntza eta hizkuntza proiektuetan, esku-hartzea; hezkuntza erkidegoaren parte-hartzea, bereziki, gurasoena eta toki-erakundeena eta abar dirateke ezinbestez etorkizunean jorratu beharreko kontuak, denon ahalegina, jarrera proaktiboa eta eraikitzailea eskatzen dituztenak. Askotarikoen artean hezurmamitu den akordioari, besteren artean, hiru ezaugarri antzeman dizkiot. Batetik, hezkuntza prozesuaren ardatz nor/zer jartzen duen. Kontzeptualki, aurrerapausoa da hainbatetan egon den ikuspegiaren aldean, ikasleak erdigunean jar-tzen ditu eta. Bigarrenik, akordioak iraganari begiratzen eta azken hamarkadetan hezkuntzan metatu den eskarmentuaren balioa aitortzen du; ez dakar, beraz, etenik, jardunbide onetatik ikasi eta edaten baitu. Hirugarrenik, etorkizunari begiratzen dio, ate eta leiho berriak irekitzen ditu. Ez da, beraz, adabaki bat, akordioa egiturazkoa da eta urteak beharko ditu, denon ahaleginak eskatuko ditu, erabat gara dadin. Ikuspegi horretatik, akordioaren partaide direnek etorriko den Legeari iraunkortasuna segurtatzen diote, Espainian hezkuntza-kontuetan ohikoa den ezegonkortasun-giroa gaindituz. Aukera berria datorkigu eta aurreiritzirik gabe baliatu beharko genuke. Inguruabar horretan, komeni da sareen arteko norgehiagoka gainditzea eta sareak, osotasunean, eskain-tzen dituen abantailez baliatzea, ikastetxe guztiak baitira gure hezkuntza- sistemaren atal, betiere, helburu eta jarraibide komunak partekatzen dituzten neurrian. Badira ondo funtzionatzen duten ikastetxeak eta hala moduz funtzionatzen dutenak, titulartasuna eta sareak gorabehera, guztiok astindu behar ditugu iner-tziak, atera behar gara gure erosotasun-eremutik... Guztiok, bai! Sindikatuak ere bai! Ez baita ulertzen onartu gabe dagoen lege baten kontrako grebara deitzea, ez eta batzuen interesak guztiaren gainetik jartzeko eginahala ere!