OKOVAR, Mostar, Sarajevo, Krajina, Srebrenica: izen horiek ikasi genituen orain dela hogeita bost bat urte, geografia hori ikasi genuen. Orain Kharkiv, Mariupol, Donetsk, Donbass, Kherson, Kiev ikasten ari gara, geografia hori ikasten ari gara. Egia esan, Donbass ikasita izan beharko genuke aspaldidanik, baina ezaguna da gerra batzuek prentsa hobea dutela beste batzuek baino. Egia da, halaber, Jugoslavia zeneko gerraren eta Ukrainakoaren artean beste gerra asko egon direla: entzutetsuak (Irak, Siria, Libia...) eta ilunagoak, nork gogoratzen du Artsakh 2020an? Artsakh? Karabakh Garaia edo Nagorno Karabakh idatziko banu baten batek argiago izango luke geografia. Izenak ere garran-tzitsuak dira, hil ala biziko kontua askotan, hil ala bizikoa, benetan. Irakurri dut gure mundu honetan oraintxe bertan hirurogeita lau gerra, gatazka, krisi edo deitu nahi duzuen bezala daudela. Ukrainako zeruan hegaldi zibilik arruntik ez dagoela berehala zabaldu zen, hegazkinak radarrez segitzen dituen aplikazioari esker; Yemengo zeruetan hegaldi zibilik aspaldidanik ez dagoela inork gutxik asaldatu du.

Gerra honetan ere, beti bezala, egia izan da lehen zauritua. Europako Batasunak, gainera, Errusiako hedabide batzuk debekatu dizkigu gure gezurrak besteen gezurretatik babesteko, antza. Albiste faltsuen eta manipulazio sofistikatuen garaian fede handia behar da hedabideetan sinesteko. Kaltetuak gu gara, jakina, eta hedabide guztiak.

Gerra honetan ere, beti bezala, herrialdetik ihesean dabilen jendea dago, eta herrialdetik ihes egitea galerazita duen jendea, 18 eta 60 urte bitarteko gizonak hain zuzen. Ez dakit nola azaldu, barkatu, baina lasaitu ederra hartu nuen hori jakin nuenean, epetik kanpo nago. Baina ulertzen dut kontrako bidea egiten duen jendea, Ukrainaren alde edo Donbassen alde borrokatzera doazenak, aitaren etxea defenditu nahi dutenak kalaxnikova eskuan. Ezin da jakin zer egingo duen norberak horrelako egoera batean egongo balitz.

Errusiaren eta Ukrainaren arteko negoziazioak hasi dira.