Zorioneko digitalizazioak kontuak errazteko baino, arrakala areago-tzeko eta zerbitzuak are gehiago urruntzeko aitzakia hobezin bilakatu da. Areago, horma moduko bat bilakatu da. Horiek horrela, gero eta gauza gehiago egin behar dugu on line. Alabaina, arazoren, argibideren edota erreklamazioren bat egin behar izanez gero... orduan komeriak! Telefonoaren bestaldean sasoiz eta ganoraz norbaitek erantzutea behinolako mirari moduko bat da, ahalegin horretan eman beharreko denbora eta inbertitu beharreko pazientzia gorabehera. Nago paradigma aldatu dela, azkenaldion, herritarrak gaudela erakundeen eta zerbitzuen esanetara, alderantziz izan beharrean, eta prozedura oro moldea horretan ezartzen ari zaigula. Zinez, gogoeta egin behar dugu, bereziki, zerbitzu publikoez ari garenean. Beharbada oker nago... baina neu naiz bakarra uste duena gero eta enplegatu publiko gehiago daukagula eta, kasu batzuetan, arreta, berriz, gero eta eskasagoa?

Azkenaldion, kexa etorri da nagusien partetik bankuen jarrera dela eta. Azken horiek gastuak ari dira arintzen, enplegatuak erretiratzen eta herritarrei eskaini beharreko arreta murrizten... Aitzitik, irabaziak etengabe ari zaizkie hazten. Arrazoia dute bezeroek, nagusiek eta horren nagusi ez direnek! Baina arazoa hori baino larriagoa da, nire ustez. Dozenaka herri daude, milaka lagun Bizkaian eta hemendik aparte sikiera kutxazain bat ez dutenak, edo areago, inoiz izan ez dutenak... Jakina, herri txikiak dira, herritar gutxi bizi da eta ez dute aparteko zaratarik ateratzen. Horiexek dira zorioneko erresilientziaren adibide argienak, nire aburuz.

Hor ere bada zertaz gogoetatu. Ez dago gizartearen kohesioan sakon-tzerik lurraldearen kohesiona ain-tzat hartu gabe... Eta zein da auzi honetan gure herrietako egoera, osasun zerbitzuei, mugikortasunari, azpiegiturei eta abarrei dagokienez? Nola zainduko dira biztanlez urriak diren eremuak gutxieneko zerbi-tzuak ziurtatu gabe? Nolatan zainduko dugu paisaia, eremua zaintzen dutenak aintzakotzat hartu gabe? Nola hitz egin dezakegu mugikortasunaz, jasangarria den eredu bat egituratzeaz, herritarren tokian, beharrizanak kontuan hartzen ez badira?