rlijioek sekulako pisua izan dute gizataldeen eboluzioan, pertsonen jokabideak baldintzatu, balioak moldatu eta pentsamenduak mugatu dituzte-eta. Mendeak eman dituzte erlijioek eta haien baitako antolakundeek ustezko egiak sostengatzen, hainbatetan, zientziaren aurrerapenek edota gizartearen eboluzioak zalantzan jarri arren... Baina aurrerapen oro errezeloz hartu ohi zen, zimentarriak hauts bihurtuko ote ziren beldurrez. Horrek guztiak itxikeria, jazarpena, bazterkeria, sufrimendua eta heriotza ekarri ditu, nonahi eta nolanahi. Hala eta guztiz ere, dena ez da negatiboa izan, erlijioek, orobat, halako arau moral eta etikoa ezar-tzen lagundu baitute, gizaterian oihanaren legea orokortu eta betikotu zedin ekidinez! Beste alor ba-tzuetan ere egin dituzte ekarpenak, besteak beste, kulturen, hizkuntzen eta ahulenak direnen sostenguan lagundu dute eta. Ondorioz, guri dagokigunez, ezin esan daiteke eliza, bere osotasunean, boteretsuenen laguntzaile eta sostengatzaile izan denik... ez beti, bederen! Dena zalantzan jar-tzeko eta arbuiatzeko jarrera orokortu den honetan, komeni da irakurketa zintzoa egitea!

Antolakunde guztietan arazoak daude adin txikikoei egindako sexu-abusuak eta bestelakoak ikertzeko orduan. Berdin dit eliza, kirol-talde, eskola, eskolaz kanpoko jarduera edo dena delakoa den. Halako beldur moduko bat nabari da gehiegikeriak azaldu, argitu eta zuritu behar direnean, antolakundearen beraren sinesgarritasuna kolokan jarriko ote den beldur baitira... Eta, ustez, babesteko asmoz, gehienetan, ez ikusiarena egiteko, gertaerak isilarazteko edota ezkutatzeko jarrera egon ohi da, eraso-tzaileari halako inpunitatea ahalbidetuta. Erasoak pairatu dituen pertsonaren egoera gehitu behar zaio horri, zenbaitetan, errua, lotsa eta beste osagai batzuk barruratzera eraginda eta, zer esango duten, gauzak nork bere kautan gordetzera behartuta.

Nago erakunde guztiek jarrera proaktiboa erakutsi behar dutela halako gertaerak ikertzeko eta zuritzeko orduan, ezin baita ez ikusiarena egin, beste albora begiratu eta berdin jarraitu. Horiek horrela, komeni da guztiek iraganari ez ezik orainari ere begiratzea, gaiak argituz, behar diren erantzukizunak hartuz eta eskatuz... eta neurriak jarriz berriro halakorik gerta ez dadin. Inguruabar horretan, halakoak ikertu behar direnean, espektakuluaren eta esposizio publikoaren bidez biktima berriz biktima bilakatzea ekidin behar da... Aitortza eta erreparazioa dirateke gakoak, bai eta horretan jardun, babestu eta ezkutatu dutenei erantzukizunak eskatzea ere.

Alderdien esku dago, halako egoerei aurre egiteko asmoz, gauza eragingarriak onartzea, besteak beste, Espainiako Kongresuan. Halako jazoerek, delituek sekula ez preskribitzea litzateke horietako neurri bat, eta bestea, araubidean oinarrizko aldaketak egitea, betiere erreparazioa errazteko eta kalte-ordainen kopurua eragindako kalte fisiko eta psikologikoa parez pare jartzeko, guzti-guztiak ere gutxi izanen direlako eragindako kaltea arintzeko norabidean.