UTBULLA" hitza entzutean, nire ama Xixili zenarekin lotzen dut ezinbestez, horrela ahoskatzen baitzuen. Ama datorkit gogora bai, baita ere Inosen nire aita zenaren presentzia eta lekukotasuna. Berekin joaten bainintzen oso txikitandik Donostiako Atotxara igandetan, arratsaldeko bostetarako, gure bihotzeko Erreala ikustera. Aitak taldeko "intsignia" txuriurdin txiki bat zeraman beti paparrean eta ipini baino lehen zapi txuri batekin kontuz eta patxadaz garbitzen zuen (zikina balego bezala), ziur nago hainbeste garbitzez margoak azkenean erdi ezabatu zizkiola. Aita pozik, txukun eta pintxo jantzita, alkandora txuria goiko botoia itxita, txaketa. Ni ez hain pozik. Zutik egoten baikinen atezainaren atzeko porlanezko grada hotzetan, ni 8-9 urteko ume txikia izanik ez nuen ia ezer ikusi ahal izaten, nahiz eta saiatu. Eguraldi txarrarekin euria barne are eta okerrago, aterki oihan amaigabea sortzen baitzitzaidan begi aurrean. Baina aitaren oihu, abesti eta pozak erakartzen ninduten, harriturik begiratzen nuen, harriduraz so egiten nion bere aurpegiari. Aita harro seme nagusi koskorrarekin, agian bere asmo ezkutuan txuriurdin sentimendua nireganatzea zen, mantso eta poliki. Etxeratzean aitaren poza garaipenaren katramilak amari adierazten, kopetilun Madrilen kontra azken minutuan penalty bidegabe baten bidez porrota lazgarria pairatzen: "beti berdin, hauekin ez ziok zer eginik Joxemanuel". Mutiko hura koskortu zaigu 68 urte ditu, Anoetara askotan joana da, emaztearekin, alabekin, bilobekin, lepokoak, kamisetak txukunak beti. Partidu bakoitzaren ostean laburpena ikusten horietakoa naiz, une horretan nostalgiaren oroitzapenak datozkit. Ez ditut begiak itxi behar aita eta ama ikusi eta "futbulla" doinua berriro entzuteko. Txuriurdun zalea naizenez, ziur, Txurigorri (Athletic) eta Gorrixka (Osasuna) (eta beste Txuriurdin Babazorroa) margoak aldatuz, edota trukatuz, beste horrelako hiru zutabetxo berdin berdin idatziko nituzkeela arrapaladan. Bedi.