Erredakzio-Mahaia

Arrakala digitala

21.11.2021 | 00:39
Arrakala digitala

Diru-transferentzia bat egiten lagundu nuen lehengoan laster 93 urte bete behar dituen amama. Lehiatilako langileek eragiketa haiek egiteak sei euroko kostua zuela azaldu zioten, eta, gastua ekiditeko modu bakarra, transferentzia bere kabuz egitea zela argitu zioten. Nola azaldu inoiz telefono mugikorrik izan ez duen amamari gaur egun belaunaldi gazteagoek aplikazioen bidez egiten ditugula horrelakoak. Bere erabiltzailea maneiatzeko gakoa utzi zidaten, eta, eragiketa neuk egin nion, banketxean eskuragai izaten dituzten tablet horietako batean, lehiatilako langileei transakzioaren doakotasuna baliabide eta jakituria teknologikoen baldintzapean egotea onartezina dela adierazi ostean. Ez da haien errua, jakina. Urte honetan, Estatuko lau banku nagusiek 1.700 bulego inguru itxi dituzte, euren sukurtsal sarea %13an gutxiagotuz. Izan ere, finantza-sektorearen errentagarritasuna bezero digitalean oinarritzen da, azpiegituren eta langileen kostuak gutxitu egiten baititu. Itzulerarik gabeko trantsizio honetan, adin batetik gorako biztanleriari bizkarra eman zaiola iruditzen zait: 65 urte baino gehiago dituztenen artean hamarretik zazpik ez dituzte bankuko eragiketak on line egiten. Arrakala digitalaren biktimek, kasu honetan, oztopoak aurkitzen dituzte transakzioak dohainik egiteko. Beste kasu batzuetan, ordea, eragozpenak errenta aitorpena onartzeko edota txertaketa-ziurtagiria lortzeko izaten dira. Nola azaldu amamari beharbada QR kodigo bat beharko duela zenbait establezimendutara sartzeko.

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia