Guztion erantzukizuna da, salbuespenik gabe

31.07.2021 | 00:15
Guztion erantzukizuna da, salbuespenik gabe

EZ dago zertan ezkutaturik: kezkatuta eta minduta gaudeegunotan. Kezkatuta, hain zuzen ere, pandemiaren olatu berri honen hazkundeagatik eta horrek ahulenen osasunerako dakartzan ondorioengatik. Eta, minduta, pertsona askoren arduragabekeriak samintzen gaituelako, beren berehalako nahiak edo interes ekonomikoak jartzen baitituztegaitzari aurre egiteko beharrezkoak jotzen diren mugikortasuna eta bilerak murriztekoneurrien gainetik.

1. Egoera kezkagarria.

Alde batetik, badirudi normaltasunera itzultzen ari garela, baina, era berean, covid-19ren bosgarren eraso honen bilakaerak goranzko joeran jarraitzen du.

Erietxeetan ez dago duela hilabete batzuk bizi izan zen adinako presiorik, baina kutsatzeak ugaldu egin dira eta kezka sakona sortzen du horrek. Beldurra hedatuta eta barneratuta dago herritarren sektore zabaletan. Egia da gehienek gizalegez jokatzen dutela eta errespetatzen dela, oro har, eskatzen zaiguna. Baina jokabide guztiak ez dira eredugarriak. Biztanleriaren sektore batek –gazteek, batez ere– uko egiten dio ezarritako mugak onartzeari, beren gozatzeko gogoa eta eskubidea zapaltzen omen dutelako. Hala, taberna, jatetxe edo beste aisialdi-leku batzuetako kudeatzaileekin bat eginik, edukiera –eta ordutegi– murrizketez kexatzen dira, behin eta berriro, enpresen bideragarritasuna zalantzan jartzen dela argudiatuta, eta gobernuaren "gehiegikeriatzat" hartzen dituztenak auzitara eramateko mehatxua egiten dute.

Txertaketa oraindik erabatekoa ez izatea, koronabirusaren aldaera berriak, ulertzen zaila gertatzen den negazionismo militantea, zenbait sektoreren arduragabekeria, udako mugikortasun eta harreman sozial handiagoak, gobernu zentralak ezarritako alarma-egoeraren amaiera, musukoaren erabileran lasaitu izana eta, zergatik ez esan, agintari judizialek eta Estatuko Gobernuak autonomietako gobernuen zenbait osasun-erabakiri jarritako betoak direla eta, ezin izan dira birusaren zabalkundea eragozteko hainbat neurri hartu, eta egoera, tamalez, larriagotu egin da.

2.- Ez eman biderik eztabaida faltsuei.

Ez dugu, inondik ere, eztabaida faltsurik eta akusazio interesaturik elikatu nahi, instituzioei eta adin-tarteei dagokienez (gazteez ari gara, zehazki). Iritsiko da, bere garaian, egoeraren azterketa zehatza egiteko unea, eta autokritika zintzoa egitekoa, gizarte-esfera guztiak kontuan hartuta.

Ez dugu beti atzera begira egon nahi, ez eta etengabeko deitoratze antzuetan luzatu nahi ere. Baina koronabirusak eragiten dituen hondamendi psikologiko eta ekonomikoak hain dira larriak, ezen espero baitugu egingo dugula ahalegin kolektibo bat benetako ongizateari arreta handiagoa eskainiko dioten gizarteak berreraikitzeko.

Askotan entzun dugu pandemiak hobeak eta elkartasunera emanagoak egingo gaituela, beharrezkoa zer den eta zer ez den bereizten irakatsiko digula, daukanari garrantzia ematen eta ez daukanari kentzen, eta gogoeta egitera behartuko gintuela, askotan eraman dugun bizimodu zoroaren inguruan. Azken batean, hain txoriburuak ez izaten eta zuhurrago jokatzen erakutsiko zigula. Alarma egoera amaitu zenetik, ordea, ezinbestean bertan behera utzi beharizan genuen bizimodu hartara itzultzeko lasterketa burugabe baten lekuko gara. Hala ere, ez dugu ukatzen, tristuraren eta izuaren erdian, une zoriontsuak eta humanizatzaileak ere bizi izan ditugula.

Ongi etorria bedi, lehenbailehen, normaltasuna, partekatutako gozamena eta hainbat aldiz aipatu ditugun arazo larrienak konpontzeradatorren soluziobidea. Baina ikusten ditugun gertakari batzuek pentsarazten digute guztiak berdin jarraituko duela: kaleetako harrabotsa, galgarik gabeko zakarkeria, udako festak parrandaren, alkohol-kontsumoaren eta oihu-zalapartaren ikuspegitik baino ez ulertzea, eta, gure askatasuna muga dezakeen ororekiko salaketa neurrigabeak egitea.

3.- Elkartasun-konpromisoa etorkizunarekin.

Tamaina horretako krisi humanitario baten aurrean, erabaki garrantzitsuak hartu beharra dago ondorio katastrofikoak saihestuko badira, hala osasunaren, nola ekonomiaren arloan. Baina agintariek ez daukate eskura nahi luketen informazio guztia, eta ez daude, halaber, auzi partikularretan interesak dituzten taldeen presioetatik libre. Beharrezkoa izango da, erantzukizun solidarioa ez ezik, kritikoak izatea, etorkizunean konfiantza edukitzea, ahulenen aldeko gizarte-justizia aldeztea; izan ere, sarri ikusten den joera baita agintarien deiei entzungor egitea eta, justifikatuta sentiturik, norberak nahi duena egitea. Horrek egoera larriagotu eta krisitik irteteko prozesua atzeratu baizik ez du egiten.

Gaur, une honetan, berriro aldarrikatu nahi dugu elkartasunezko konpromiso hori, are gehiago, errealitate triste hau gainditzeko irrikaz gaudenean. Aurreko batean genioen "itxaropenari leiho bat ireki behar diogula", halaxe da, baina, betiere, bizi dugun errealitatetik abiatuta. Denok gaude konpromiso eta erantzukizun horren pean, salbuespenik gabe.

* Etiker: Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia eta Joxemari Muñoa

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia